Gure herriak denondako izan daitezen gura du Trauti elkarteak

Leire Kortabarria 2012ko ekainaren 15a

Oñati ez da ibiltzeko herri zailenetarikoa, baina samurragoa ere izan daiteke; denondako herria, hain zuzen. Hori da Oñatin sortu den Trauti elkarteak eskatzen duena: denondako izan dadila.

Eta denondako horretan sartzen dira ibiltzeko eta mugitzeko zailtasunak dituzten herritarrak. Horiek ez dira bakarrik gurpildun jesarlekuan dabiltzanak edo itsuak; horiek, bai, baina baita muletak erabiltzen dituztenak, gutxi ikusten dutenak, adinekoak… Halako gero eta jende gehiago dago, eta, Trautikoek esaten dutenez, edozeinek izan ditzake eroso ibiltzeko arazoak lehenago edo geroago.

Horregatik, Trautikoak lanean hasi dira. Mikel Etxezarreta kideak honela dio: "Konturatu ginen bakoitzak Udalari bere kexa bidali baino hobe zela denok elkarrekin ekitea. Horrela sortu zen elkartea. Gaur egun, dozena bat lagun gaude Trautin, eta denetariko jendea gara".

Pausoz pauso, egun baten edo ordu gutxi batzuetan mugikortasun arazoak dituztenen eskutik joanda, edozein konturatuko da gure herrietan oraindik zenbat muga eta oztopo dauden; arazorik gabe gora eta behera ibiltzen direnendako muga ikusezinak. Baina bizimodua asko baldintzatzen dutenak: hala, badago etxetik irten ezin den jendea, zergatik, eta atarian maila duelako.

Anbulatoriora joateko arazoak

Dagoeneko lortu dituzte gauza batzuk: "Lau bat hilabete daroagu hilero batzartzen Udala eta geu. Aurretik ipini ginen eurekin harremanetan, ze arazo ikusten genituen esateko, eta, horiek konpontzea modu jarraian egin behar zenez, hilero batzartzea erabaki genuen".

Herrian ikusten dituzten 22 leku txar edo oztoporen zerrenda egin eta Udalarekin konpartitu dute, eta batzuk kentzea lortu dute: adibidez, San Miguel parrokiako plazako sarreran, barandari itsuen makilarendako erreferentzia ipini dute. Barandaren azpialdean burdinazko zinta bat da; makilarekin hori topatuta, itsua edo gutxi ikusten duena badaki nondik nora doan. Lehen, makila arrapalatik irten egiten zen.

Beste emaitza garrantzitsu bat da osasun zentroko irisgarritasun proiektua aztertu dutela eta euren iritzia eman ahal izan dutela. Oñatiko osasun zentroarekin "arazo asko" dituztela esaten digute Trautiko Mikel Etxezarretak eta Rafael Kortabarriak: arrapala bat eginda dago, baina pareko harlosan lagunik gabe; anbulatorioko aparkalekuan,  zabaltzan (azotean), badaude gutxituendako bi aparkaleku on, baina hor bukatzen da irisgarritasuna, izan ere, gurpildun jesarlekuan dabilena ezin da handik beherako aldapan bakarrik joan, eta azotean ez dago anbulatoriora sartzeko aterik; dagoen bakarra larrialdietako irteera da, eta Trautikoak kexu dira Osakidetzak ez duela aintzat hartu hura erabiltzeko eskaera.

Hori gutxi balitz eta norberak azoteako aparkalekutik anbulatorioko sarrerara ailegatzea lortzen badu, aldapan behera errepideraino joan barik, zer eta ezin da anbulatoriora bakarrik sartu: ate bikoitza du, eta kanpokoa automatikoa da, baina barrukoa, ez: "Ezin naiz jesarlekuarekin ez sartu, ez irten", esaten du Mikel Etxezarretak.

Lurra, justu-justu ikusi

Erdialdean bakarrik, oztopo-lasterketa antzekoa da gutxituak bere kabuz ibiltzeko egin behar duena. Rafael Kortabarria itsuak parrokia inguruko bolardo edo pibote baxuekin du borroka: "Makilarekin pibotea ez badut jotzen, huts egiten badut, hanka artean trabatuko zait", esaten du. Horregatik, pibote altuak ipintzea eskatu dute.

Foruen plaza leku arriskutsua da, eta ez bereziki, Rafael Kortabarriak bezala, ezer ikusten ez dutenendako; arrisku handiagoa dute oso gutxi ikusten dutenek, makila barik ibiltzen direnek. Eta horietako asko daudela ohartarazten du Kortabarriak: "Zuek uste baino jende gehiagok justu-justu ikusten du lurra. Horregatik joaten dira paretara pegatuta". Horiendako, plaza amesgaiztoa da, "dena kolore berekoa delako". Arazo larriena plaza mugatzen duen kanal txikia da. Kolore aldetik, ezin da plazatik bereizi. Rafaelek ez du arazorik, makilarekin kanala topatu eta hura jarraitzen duelako. "Baina gutxi ikusten duen pertsonak huts egin dezake hankarekin. Eta desnibel txikia izanagatik, nahikoa da estropezu egiteko. Hemen, emakume batek berna eta mokorra apurtu zituen", esaten du Kortabarriak. Berak hauxe proposatzen du hori "samur" konpontzeko: "Margotu dezatela txuriz kanal osoa".

Jesarlekua, mahai azpira

Altuera txikiko piboteak, gainditu ezineko mailak edo trabak, zabalera txikiko arrapalak: gutxi ikusten dutenendako erreferentzia bako kaleak, harlosak eta errepideak maila berean ipinita daudelako; argia islatzen duten eta itsutu egiten duten materialak… horiek eta gehiago dira oztopo arkitektonikoak. Baina bestelako oztopoak jendeak sortutakoak dira; jendea konturatzen ez delako, alegia.
Esaterako, kalean ipintzen diren altzariak (mahaiak, jesarlekuak, tabernetako hautsontziak, komertzioetako generoa…) beti paretatik distantzia jakin batera ipini behar dira, eta ez paretaren kontra. Terrazan jesartzen denak ere oso keinu txiki batekin lagundu dezake: "Kontsumizioa bukatu eta joan doanean, jesarlekua mahai azpian utz dezala norberak", eskatzen dute Trauti elkartekoek. Eta komertzio zein ostalaritza establezimendu guztiek bete ditzatela arauak: hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren 68/2000 dekretuak dioena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak