Liburutegia berrantolatu dute, zerbitzua hobetzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko ekainaren 15a

Aurrerantzean mediatekan entregatu behar dira liburuak, hantxe dago-eta horretarako mahaia. Horrela, mediateka goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, eta liburutegian espaio handiagoa dago irakurtzeko.

Liburutegiko espazioa berrantolatu egin dute, zerbitzua hobetzeko. Orain, liburuak mediatekan entregatu behar dira, hantxe jarri dute-eta horretarako erabiltzen den mahaia. Horrez gain, liburutegiko bideoak ere mediatekara pasa dituzte.

Aldaketa horiekin zerbitzua hobetu gura izan dute liburutegiko arduradunek. "Mediatekan toki gehiago dugu bideoendako, baita zerbitzu hori hazteko ere. Gainera, liburuak hor entregatzeak esan gura du mediateka ere goiz eta arratsaldez egongo dela zabalik aurrerantzean, eta ez bakarrik arratsaldeko orduetan, lehen bezala", azaldu du Nagore Inda liburuzainak.

Espazio gehiago irakurtzeko
Liburutegiko bideoak mediatekara eramanda, toki gehiago dago orain irakurtzeko liburutegiaren sarreran. "Orain bi gune ditugu irakurketarako: liburutegiaren bukaeran bat eta sarreran bestea. Lehen bideoek espazio handia hartzen zuten eta sarrera toki deserosoa zen irakurtzeko, baina orain txoko egokia da horretarako. Jende asko etortzen da egunkariak edo bestelakoak irakurtzera", zehaztu du Indak. Gainera, aldaketa honekin, liburutegi barruan behar den isiltasuna ere bermatuago geratzen da.

Hoberako izan da
Ekaina 1ean egin zuten aldaketa eta liburutegi zein mediatekaren erabiltzaileak pozik daudela kontatu du Indak. "Harrera ona izan du aldaketak, bai. Orain jendea ohitu egin beharko da baina erraz moldatuko dela uste dut. Hamabost egun hauetan etorri diren erabiltzaileek, behintzat, esan digute ideia ona izan dela. Eta langileondako ere bai. Aldaketa honek ez du gure lana asko baldintzatuko; erabiltzaileak gure beharra dutenean lehen bezala, berdin berdin, joango gara berarengana", dio Indak.

Momentuz, eta erabiltzaileak ohitu arte, parez pare daude zabalik liburutegiko zein mediatekako ateak, espazio biak ikusten direlarik batetik zein bestetik, baina asmoa da liburutegiko atea itxita izatea.

Automailegurako gailua
Bestalde, liburutegiaren sarrean dagoeneko jarri dute liburuak automaileguan hartu ahal izateko gailua. "Hilaren hasieran ekarri ziguten eta laster egongo da martxan. Erabiltzaileek eurek hartuko dituzte gero liburu edo aldizkariak, adibidez, horretarako autonomia izango dute. Uzteko, ordea, liburuzainarengana joan beharko dira, orain arte bezala", azaldu du Indak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak