Presidente kargua hartua, hasiera neketsua izan duzu?
Esango nuke orain egiten direla urteko lan handienak, Erretiratuen Astea dela eta. Arrakasta izateko gakoa da aurretik gauzak ondo egitea.
Zer asmo duzue aurtengorako?
Urtea ondo joango delako esperantza daukat, ekintza ugarirekin. Urtean zehar egiten ditugu hitzaldiak, ikastaroak eta, garrantzitsuenak, bidaiak. Arrakasta handia izaten dute bidaiek eta jende asko mugitzen dute. Ikastaroak hilabete honetan bukatuko dira eta irailean hasiko dira berriak: eskulanak, dantza, solfeoa, informatika...
Diru-kontuekin zer moduz ibiltzen zarete?
Gaur egun 1.600 bat bazkide gaude elkartean; horietatik 500 inguru 80 urtetik gorakoak dira eta adin horretatik aurrera ez dute kuotarik ordaintzen. Gainontzeko bazkideok urtean 10 euroko kuota ordaintzen dugu. Gero, ekintza bakoitzak du bere prezioa. Horiek eta udalaren laguntza izaten dira gure diru-sarrerak. Iazko kontuetan 1.000 euroko defizita izan genuen eta eskerrak eman beharrean gaude udalari beraien laguntzagatik.
Lanerako prest egoten dira elkartekideak?
Elkarteko zuzendaritza batzordea osatzeko urtero egoten da jende faltaren arazoa. Behin erretiratuta lasai eta konpromisorik gabe bizi nahi izaten du jendeak.
Inguruko herrietako erretiratuekin baduzue harremanik?
Hiru hilabetetik behin elkartzen gara ibarreko elkarte guztietako ordezkariak, bata besteari esperientziak kontatu eta guztiongandik ikasteko. Gure artean txapelketa batzuk ere antolatzen ditugu.
Aurrera begira, zein dira zuen asmo nagusiak?
Erretiratuei ahalik eta zerbitzu onena eman, ahalik eta hitzaldi eta ikastaro gustukoenak eskaini eta bizimodua zerbait pozgarriagoa egitea da gure asmoa.
Erretiratuen Asteko egitaraua
Ekainak 11
Pake Lekuko Aloña abesbatzaren eta Aretxabaletako abesbatzaren kontzertua egingo da.
Ekainak 12
Hitzaldia: Alzheimerra, sintoma eta tratamendua. Luis Galdos neurologo oñatiarrak emango du berbaldia.
Ekainak 13
Goizean, San Martinera ibilaldia egingo da eta, ondoren, ogitartekoa emango zaie parte-hartzaileei. Arratsaldean, film emanaldia egingo da.
Ekainak 15
Txokolate-jana eskainiko dute opilarekin eta dantzaldia egingo da ondoren.
Ekainak 17
Erretiratuei omenaldia egingo zaie: meza, bazkaria, eta dantzaldia, besteak beste.