Zer da raid-a?
Izenak esaten duen moduan, abentura bat da, kirol ezberdinak batzen dituen orientazioko lasterketa bat delako. Helburua da zehaztu gabeko ibilbide bat ahalik eta denbora gutxienean burutzea. Raid-ean erabiltzen diren tresna bakarrak mapak eta iparrorratzak dira. Dena den, proba espezifikoetarako material berezia ere erabili behar da.
Nola hasi zinen raid-etan parte hartzen?
Betidanik natura eta mendiarekin erlazionatutako kirolak egin izan ditut. Horrelako raid-en bat telebistan ikusi eta bertan parte hartzea amestu izan dut ordutik. Taldeko batzuk, lehendik raid batzuetan parte hartu izan dute, eta iaz Burgosen jokatu zen raid bat egitea pentsatu nuen. Emaitza ona lortu eta aurten ere horrelakoak egiten gabiltza.
Zeintzuk osatzen duzue Ekin Raid Ternua taldea?
Sei lagunek osatzen dugu, hiru neska eta hiru mutil gara. Gure helburua da Euskal Herriko eta Espainiako txapelketatan parte hartzea.
Zein da jokatu duzuen azken raid-a?
Aurreko aste bukaeran egin genuen azkena, Malagan hain zuzen. Espainiako txapelketa izan zen eta taldeko hiru joan ginen.
Eta nolakoa izan da hango esperientzia?
Oso ona. Bero handia pasatu genuen, baina halako astindua hartu ostean ere, beste bat egiteko gogoa izaten da. Oso katigatuak gaude.
Azaldu zelakoa izan zen proba hori.
Espainiako txapelketa zela kontuan hartuta, oso raid teknikoa izan zen. Orientazio espezifikoa oso garrantzitsua izan da eta mendi bizikleta, trekking eta kayaz gain, beste proba batzuk ere egin genituen, horien artean, patinajea, igeriketa… Guztira 130 kilometro eta 4.500 metroko altuera izan ziren bi egunetan.
Laugarrenak izan zineten. Espero zenuten postu hori?
Euskal Herriko kopan postu onak lortu genituen eta horrek zerbait ondo egiten ari garela esan nahi du. Malagakoaren kasuan, maila handiagoa izango zela bagenekien eta gu gure lasterketa egitera joan ginen. Pena apur batekin itzuli gara, hirugarren postua geure akats bategatik ez genuelako lortu; baina era berean, pozik gaude emaitzarekin.
Nola entrenatzen duzue raid-etan parte hartzeko?
Gehien bat bi jarduera egiten ditugu: alde batetik, mendi edo errepideko bizikletan ibili eta bestetik, korrika egin. Dena den, beste proba batzuetarako ere praktikatu egin behar izaten dugu noizean behin.
Hemen inguruan egiten da horrelako probarik?
Aurten lehenengoz, bost probaz osatutako Euskal Herriko kopa dago. Edozein kirolariri zuzendutako proba da eta beste raid batzuekin alderatuta laburragoa.
Egin duzuen raid-etatik zein da gehien gustatu zaizuna eta zein gutxien? Zergatik?
Egia esan, egindako raid guztietatik gorde dut zerbait ona. Noski, momentu txarrak ere beti daude. Baina proba bat aipatzekotan, Somozasen (Coruña) egindakoa esango nuke. Izan ere, taldeko bi neskek eta hirurok abentura nahasiko kategorian lortutako hirugarren postuarekin gelditzen naiz.
Debagoienean horrelakorik egiteko asmorik badago?
Lehen esandako moduan, Euskal kopako probak Bizkaia, Araba eta Nafarroan jokatuko dituzte. Momentuz, Gipuzkoarako ez dago ezer. Hurrengo urtean, Oñati edo Urretxu-Zumarragan zerbait egitea gustatuko litzaiguke. Dena den, horretarako mapekin lan egin behar da eta ordenagailu aurrean ordu asko igaro. Aurrerago ikusiko da.
Zerk erakarri zintuen halakoetan parte hartzera?
Raid-etan gustatzen zaizkidan kirol mota gehienak lantzen dira, guztiak ez esateagatik.
Raid-etan kirol arriskutsuak egiten al dira?
Ez. Proba berezien artean sokarekin egiten direnak daude eta horiek izan daitezke arriskutsuenak. Dena den, antolakuntzako kideak bertan egoten dira guztia zaintzen eta normalean ez da arazorik egoten.
Halakoetara ondo prestatuta joan behar da? Zergatik?
Lasterketa eta sekzioak –kirol ezberdinak– denbora baten barruan egin behar dira. Fisikoki eta psikologikoki ondo egon beharra dago sekzio horiek gainditzeko.
Zer kiroletan esango zenuke zarela onena? Eta txarrena?
Ni ez naiz kirol jakin batean espezialista. Kirol guztietan ondo moldatzen naiz, eta hori raid bat egiterako orduan garrantzitsua izaten da.
Zein izango da hurrengo raid-a?
Ekainaren 16an, Lizarran, Euskal Herriko kopako 3. proba jokatuko da. Hilabete amaieran, berriz, Portugal aldera joango gara Espainiako kopako 3. proban parte hartzera.

