Garayko Marketin zuzendariak, Jose Creixellek, hauxe dio: "Aurten, daukagunari eusteko urtea dugu, jarduera orokorra erritmo txikian dagoelako; beraz, gauden lekuan jarraitzea da aurtengo gure helburua". Iaz, 100 milioi euro fakturatu zituen enpresak, eta aurten, emaitza berdinak edo antzekoak lortu gura du. Bestalde, teknologia berrian inbertitzeko politika jarraitu du Garayk azken urteotan: 2010ean, 4 milioi euro, eta iaz, 7,4.
Oñatiko enpresa 1864an sortu zen. Gaur egun, hiru motatako produktuak ekoizten ditu: soldatutako altzairuzko hodiak eta doitasun-kalibratuak, batetik; automobilgintzarako tutu-erako osagaiak, bestetik; eta latoizko barrak eta profilak, azkenik. Automobilgintzarako, eraikuntzarako eta beste sektore batzuetarako ekoizten dute, eta eskaerak neurrira zerbitzatzen dizkiote bezero askori. Bost kontinenteetara esportatzen dute.
Alemaniarako lantegia
Hodien dibisioak produzitzen duenaren gehiena, %65, esportatu egiten du Garayk, eta zati horren gehiena, %80, automobilgintza sektorerako da.
Automobilgintza sektorea ondo dabil Europako herrialde batzuetan. Alemania da, hain zuzen, Garayren jomugetako bat. Creixellen esanetan, "Alemaniako automobilgintza sektorea ondo doa, eta motore gisa funtzionatzen dabil. Frantziakoak, ordea, geldialdia izan du".
Ekonomikoki garatzen dabiltzan herrialdeek ere pizgarria dira krisi garaietan. Garayk lantegia zabaldu zuen orain bost urte Bratislavan, Eslovakiako hiriburuan. 25 langilek dihardute eta Alemaniako eta Europako ekialdeko automobil-enpresendako osagaiak egiten ditu.
AEBetan ere automobilgintza sektore handia dago, eta han ere lan handia egindakoa da Garay. Jose Creixellen esanetan, bere onera etortzen dabil sektore hori, eta euroak dolarrarekiko balioa galtzen duenean, berriz hara joateko asmoa du Garay enpresak.
Hori, hodiei eta tutuei dagokienez; latoizko barren eta profilen azpisektorea motelago dabil, eraikuntza gogorrago kolpatu duelako krisiak.
Txarrena pasatuta
Garay ere ez da krisialditik kanpo geratu; hala, une txarrenetan, %40 eskaera gutxiago izan zituen. Baina 2010. urte bukaeran, egun hobeak etorri ziren Oñatiko enpresarendako, eta hala, iaz, 100 milioi euro fakturatu zituen.