Lehiatua izan zen Corpusetako nazioarteko lasterketa Oñatin. Argi zegoen publikoaren faboritoa; Chema Martinez madrildarrak txaloaldi itzela jaso zuen lasterketa aurreko aurkezpenean. Eta berdin joan zen lasterketa guztia; Martinez lehenengo postuetan kokatu zen hasieratik, eta publikoaren babesa izan zuen uneoro.
Lasterkariek taldean egin zituzten lehenengo lau itzuliak. Hortik aurrera, Martinez kokatu zen lasterketaren buruan Ait Haidi marokoarra eta Fikre eritrearra lagun zituela. Lasterketako irabazlea, Icham El Amrani marokoarra, atzean gelditu zen hasiera batean. Denborarekin eta Martinezek ipinitako erritmoari esker Ait Haidi eta Fikre ere bai.
Publikoa zoratzen zegoen, eta txalo artean itzuli oso bat egin zuen Martinezek. Bakarrik egin zuen aurrera Icham El Amrani agertu zen arte. Atzetik aurrera egin zuen marokoar gazteak, eta Martinez bera ere ezustean harrapatu. Aldamenetik pasa, eta aurrera egin zuen erraz. Berak irabazi zuen lasterketa, 29:52:00 denbora eginez. Chema Martinez 14 segundora iritsi zen, eta Ait Haidi marokoarra 12 segundo beranduago. Lasterketako euskaldun bakarra, David Garcia durangarra, 12. postuan sartu zen, 32:18:00 denborarekin.
Omenaldia Jexux Arregiri
Pozik agertu ziren lasterketa amaieran Antxintxika taldeko kideak. Egun berezia izan zen atzokoa; nahiz eta errekor berririk egon ez, lasterketak hamargarren edizioa bete zuen, eta Antxintxikakoek omenaldi polita egin zioten Jexux Arregi taldekideari. Ezustean jaso zuen Arregik lagunen aitortza; eta hunkituta, lagunek prestatutako opariak eta Oñatz dantza taldeko bi dantzarik eskainitako aurreskua.
Taldeko argazkian izan zen Chema Martinez ere. Madrildarrak 41 urte ditu dagoeneko, baina Londreseko joko olinpikoetarako txartela du amets. "Gaurkoan dena eman dut eta sentsazio onak izan ditut. Garaipena nahi nuen etortzen naizen bakoitzean hain ondo hartzen nauten oñatiarrei eskaintzeko, baina beste bat ni baino gehiago izan da".
Sailkapen nagusia:
- 01. Icham El Amrani. Maroko. 29:52:00
- 02. Chema Martinez. Espainia. 30:06:00
- 03. Youness Ait Haidi. Maroko. 30:12:00
- 04. Worhneh Fikre. Eritrea. 30:17:00
- 05. El Hassan Oubadi. Maroko. 30:22:00
- 06. Ameha Weldetsadik. Etiopia. 30:49:00
- 07. Aimad Bouziane. Maroko. 30:53:00
- 08. Jose España. Espainia 30:58:00
- 09. Gizaw Bekele. Etiopia. 31:47:00
- 10. Tewodros. Zewdu. Etiopia. 32:02:00
- 11. Kashay Tadele. Etiopia. 32:16:00
- 12. David Garcia Gil. Euskal Herria. 32:18:00
- 13. Hicham Ettaichmi. Maroko. 32:23:00