Parot Dotrinaren inguruan jardun dute Oñatin, Herrira plataformaren eskutik

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 9a

Bizi osorako espetxe zigorraren inguruko eta Parot Dotrinaren inguruko berbaldia egin zuten atzo Oñatin. Onintza Ostolaza abokatua eta Aritz Arnaitz preso ohia izan ziren hizlari. Oñatiko Herrirak antolatu zuen berbaldia; izan ere, Alberto Plazaola preso oñatiarrari 197/2006 edo Parot doktrina ezarri berri diote. Ondorioz, 2026ra arte luzatu diote espetxealdia. Legearen arabera, 2016an kalean beharko luke.

Alberto Plazaolaren egoera "muturrekoa" izatera pasa da, Oñatiko Herrirakoek diotenez.

Onintza Ostolaza abokatuak alde juridikoen gaineko argibideak eman zituen hitzaldian. Horrenbestez, 1973ko kodigo penaletik hasita, gaur egunera arte lege aldaketak nola eman diren azaldu zuen; legea nola joan den zorrozten.

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman berri dituen ebazpenen gainean ere jardun zuen Ostolazak. Hona hemen bere aipu batzuk:

Praktikan, "biziarteko espetxe zigorra"

"Espainian ez dago biziarteko espetxe zigorra ezarrita, baina praktikan presoek biziarteko zigorra ezarrita dagoen estatuetan baino (Europan hainbat estatutan dago ezarrita, Frantzian adibidez) urte gehiago pasatzen dituzte espetxean: 30 urte edo gehiago".

1973ko legearen aurka

"1973ko kode penala aplikatu da modu batera urteetan eta, egun batetik bestera, legea interpretatzeko modua aldatu dute. 2006an, legearen interpretazioa aldatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, preso gehienek, ezarrita duten zigorra 1973ko kode penalaren araberakoa bada ere, erredentzio sistemaren irakurketa aldatu egin zuten: 30 urteko topearen gainean aplikatu beharrean erredentzioak, zigorraren osotasunari aplikatzen hasi ziren. Hortaz, praktikan, erredentzio sistema horrek ez du efekturik eta 30 urte osorik bete behar dituzte presoek. 73ko legearen aurkakoa da interpretazio hori eta hainbat printzipio urratzen ditu: atzeraeginkortasunarena, berdintasunarena, askatasun eskubidearena eta birgizarteratzearena. Zehaztu behar da legearen interpretazio hori egiten hasi zirela, preso nahiko esanguratsu edo mediatikoak kaleratzen ari zirenean". 

Egoera "erabat injustua"

"Erabat egoera injustua da eta ez dugu guk bakarrik esaten, jurista asko daude aurka eta Konstituzionalak berak fiskalaren posizioaren aurka jo du".

Bestalde, Aritz Arnaiz preso ohiak ere egin zuen berba. Bere azalean bizitako bizipenen berri eman zuen:

"Mendekuaren legedia"

"Mendekuaren legedia da 197/2006 Doktrina. Legearen aldaketek (95ean eta ondoren eginikoak) eragiten ez zieten preso asko zeuden eta asmatu zuten beste zerbait, jende guztia espetxean mantentzeko. Kode guztia aldatu zuten eta legedia nahi bezala interpretatu".

Osasunarendako txarra eta "izugarrizko kolpea"

"15 urtetik gora espetxean egotea osasunarentzako txarra dela dio Europak eta euskal preso politiko asko daude 15 urtetik gora. Psikologikoki bortitza da presoekin horrela jolastea: bat-batean espetxean beste 12 urte gehiago egin behar dituzula esatea. Hori izugarrizko kolpea da, bai preso dagoenarendako eta baita  amiliarendako ere".

Herritarren interesa piztu zuen hitzaldiak, eta, hala, amaieran, hainbat galdera egin zizkieten hizlariei.

Alberto Plazaolak bizi duen egoeraren argibide guztiak jasotzeko aukera izan zuten bertaratuek.

Ekitaldia "arrakastatsua"

Oñatiko Herriratik balorazio oso positiboa egin du, ekitaldia "arrakastatsua" izan da-eta (50 lagun batu dira). Beraz, "pozik gaude hitzaldiak izan duen erantzunarekin". Baina, bestalde, diote, "argi geratu" zaiela, "espainiar estatuak nahierara moldatzen dituela legeak eta presoek bizi duten egoera", Alberto Plazaolarena tartean. Eta, hori, "bidegabea" dela.

Horregatik, adierazi dute, beharrezkoa ikusten dutela "denon indarrak batu eta lan egitea. Guztion artean lortuko dugu!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak