Miren Lore: "Mimo handiz zaintzen ditugu Corpuseko arropak"

Mireia Bikuña 2012ko eka. 9a, 02:00

Domeka. 08:00. Santa Ana komentua. Askotariko tamainatako 25 kaxa. Kofradiako kideek guztiak jaso eta Santa Ana antzokira eroango dituzte. Barruan, Corpus prozesioko pertsonaia garrantzitsuenen arropak, ileordeak, maskarak eta osagarriak: San Migelenak, Kristorenak eta apostoluenak. Guztiak, ondo aireztatuta, eta kaxatan sartuta. Horren guztiorren ardura dauka Santa Ana komentuko kide Miren Lore ahizpak. Izan ere, Corpuseko arropak eta beste komentuan gordetzen dituzte. 

45 urte daramatza elgoibartar horrek arropak zaintzen. "Lan handia" dela esan digu, baina "gustura" egiten duela. "Herriaren onurarako lana da, eta oso-oso gustura egiten dut. Oñatiarra izango banintz, harro egongo nintzateke prozesioan horren garrantzitsuak diren elementuak nire zaintzapean egonda. Urte asko dira, baina, osasunak laguntzen didan artean, jarraitzeko asmoa daukat", dio, barrez.

Dena den, erretiroa hartzen duenerako ordezkoa baduela esan digu. "Egun, nire laguntzailea da, eta oñatiarra, gainera. Urte batzuk barru, hark arduratu beharko du", kontatu digu. 

San Migelendako hiru kaxa

Corpuseko elementuak gordetzeko kaxak ondo baino hobeto antolatzen ditu Miren Lorek, Kofradiako kideen laguntzarekin. Apostoluen eta Kristoren maskarak banaka gordetzen dituzte. Kaxa bakoitzean norberak erabiliko duen atributua eta eskularruak ipintzen dituzte.

San Migelen arropak eta elementu guztiak gordetzeko hiru kaxa behar dituzte: lehenengoan maskarak daude –bost–, bigarrenean armadura eta hegoak  eta hirugarrenean kaskoa. Apostoluek eta Kristok erabiltzen dituzten kapak eta soinekoak kaxa baten gordetzen dituzte eta Kofradiako kideen kapa beltzak, pertxatan zintzilik. 

Ileorde sintetikoak eta natura 

Santa Anan gordetzen diren elementuetatik berrienak ileordeendako manikiak dira. Iaz erosi zituzten. "Orain arte poltsatan gordetzen genituen, baina zabaltzeko orduan lizunduta egoten ziren. Egun, ileorde bakoitzak maniki bat dauka eta ile-apaintzaileak dagokion moduan gordetzen du: makoekin, erruloekin... Ileorde guztiak sintetikoak dira, San Migelena izan ezik: ile naturala da. Ile-apaintzaileak guztiak orraztu ditu dagoeneko", esan digu.

Ezkutuko lana egiten du Miren Lore ahizpak, baina ezinbestekoa, domekako prozesioa ondo irten dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak