Europar Batasuneko Life Natura egitasmoa 1992an sortu zen ingurumenaren garapenerako eta bioaniztasuna mantentzen laguntzeko eta ordutik 3.014 proiektuetan lagundu du. Tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Biodibertsitatea eta zuhaitz motzak’ proiektua. Proiektu honek 3.051.817 euroko aurrekontua du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Life Naturak erdibana finantzatzen dute. Ekimen honen barruan daude, besteak beste, atzo bisitatu zuten Aiako Harria eta Oñatiko Iturrigorriko pagomotzak.
Life Natura egitasmoko arduradunekin batera, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapena eta Turismoko diputatua den Jon Peli Uriguren eta Mikel Biain Oñatiko alkatea izan ziren.
Life Naturako ordezkariek ‘Biodibertsitatea eta zuhaitz motzak’ programaren azalpena jaso zuten Arantzazuko Gandiaga Topagunean eta, gero, Iturrigorriraino joan ziren Foru Aldundiko langileek pagomotzak berreskuratzeko lanak bertatik bertara ezagutzeko.
Oñatiko Iturrigorriko pagomotzak berreskuratzeaz aparte, pagomotzen iraunkortasuna bermatzeko Foru Aldundiko langileek pagomotz berriak sortu dituzte. Izan ere, Mugartzaren esanetan, Euskal Herriko basoetako zuhaitzak ez dira oso zaharrak eta zuhaitzmotzek euren funtzioa betetzen dute.
Antzina, abereek bazkatzeko eta egurra lortzeko egiten ziren zuhaitzmotzak eta, egun, inguruko bioaniztasuna mantentzeko ezinbestekoak dira eta Diputazioko mendiko teknikariek mantentze lanetan eta landatzen dihardute.