29 urte beteta, askorendako oraindik goiz da futbola uzteko. Beste batzuk, aldiz, ordua zela esango dizute...
[Barre] Beno, azken urteotan taldeko beteranoena izan naiz, nire kintakoek aspaldi utzi zuten Aloña, eta atzetik jokalari mordoa dator, eurei lekua egiteko ordua ere bada. Oraindik futbolean jokatzen jarrai banezake ere, urte asko daramatzat Aloñan, eta amaitu dela esateko ordua badela uste dut.
Aranburuk Realarekin izan zuen omenaldira iritsi barik, ezin zara kexatu joan den astean Azkoagainen egin zizuten agurraz.
Ezin naiz kexatu, ez. Dena dela, Aranburuk askoz ere gehiago eman dio Realari, beste maila batean, gainera. Eskerrak eman nahi dizkiet omenaldian egon ziren guztiei, hunkitu egin nintzen urte asko direlako herriko taldean; bai, emozionatu egin nintzen.
Datorren denboraldian kosta egingo zaizu partiduak Azkoagaingo berdegunetik kanpo jarraitzea.
Duda barik, gainera, anaiak oraindik jokatzen jarraituko du eta partiduak ikustera joateko konpromiso hori ere izango dut. Beno, bestela ere joango nintzatekeen, baina anaia egonda, motibo gehiagorekin.
Urte hauetan guztietan, ze oroitzapenekin geratzen zara?
Oroitzapen asko ditut, eta gehienak onak. Hirugarren mailara igotzeko pauso batera geratu ginen urtea berezia izan zen. Ez ginen igo, baina urte gogoangarria izan zen. Dena dela, nagusiagoekin, gazteagoekin, denekin ondo konpondu naiz eta horrekin geratzen naiz. Aldageletan dagoen giro ona da Aloñaren sekretua.
Eta momentu gogorretako bat?
Urrun joan gabe, joan den urtean, Gabonetara iritsi aurretik taldea jaitsiera postuetan murgilduta zegoen. Gogoan dut Aretxabaletaren kontra derbia galdu genuela eta mailari eusteko postuak dezente urrundu zirela. Okerrena zen ez genuela erreakzionatzeko gaitasunik erakusten, eta bai, ez zen momentu ona izan.
Aurrelaria goletik bizi da. Sekula izan duzun denboraldi gogoangarriena?
Duela lau denboraldi inguru, Josu Zubia zen entrenatzailea, eta baloiari edozein modutan jota ere saretara bidaltzen nuen. 19 gol egin nituen denboraldi horretan, bolada ona izan nuen, bai.
Aloñarekin zenbat gol egin dituzun esaterik bai?
Ez.
Halako denboraldi ona eginda, Hirugarren mailatik ez zen eskaintzarik etorri?
Hori da galdera, hori... [Barre].
Bota, bota, dagoeneko futbola uztera zoazela...
Bada, zerbait entzun zen, baina niri inork ez zidan deitu, eta klubean ere ez zidaten ezer komentatu.
Entrenatzaile mordoa izan dituzu. Zein azpimarratuko zenuke?
Egia esan guztiekin izan dut harreman ona, eta guztiekin ikasten dira gauzak. Norbait azpimarratzea ez da erraza, baina akaso, gurekin egin dituen urte guztiengatik eta beti ondo konpondu izan naizelako Aitor Orueta esango nuke.
Berdegunetik entrenatzaile postura salto egiteko tentaziorik?
Inoiz ez dit entrenatzaile izateak erakarri. Futbola izugarri gustatzen zait, apur bat ulertzen dudala esango nuke, baina ez naiz kapaz partidu bat okertzen denean momentuko soluzioak hartzeko; ez dut uste gaitasun hori dudanik.
Federatutako futbola utzita, Beteranoen txapelketara begira garesti dago Roberto Idigorasen fitxaketa?
[Barre]. Koadrilakoek kontrakoa esaten ez badute, eurekin jokatuko dut.
Futbola utzita, orain arte egin ez duzun zerbait egiteko gogorik?
Ez dut uste futbolean jokatzeagatik gauza asko utzi ditudanik albo batera. Halakoetan ondoko lagunak sufritzen du gehien, baina ez, ez dut apartekorik.
Egun taldera iristen diren gazteek badute zuen garaikoekin antzik?
Bai, gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Batzuk konpromiso handia hartzen dute taldeaz, beste batzuk ez horrenbeste, gu hasi ginenean moduan.
-----------------
Kapitainaren agurra: Aloñako kapitainak onartu moduan, joan den domekan hunkitu egin zen Azkoagainen jasotako omenaldian –Munduko txapeldun Marisol Ramosekin banatu zuen protagonismoa. Taldekideak, etxekoak, lagunak... Gertuko asko izan zituen etxean jokatutako azken partiduan. Hala, Idigorasen agurrarekin, neurri handian, belaunaldi bat amaitzen da Aloñan. Baina hori ez da txarra, dioen moduan, atzetik gazteak indartsu datoz-eta bultza egiten.
