Jose de Azpiazu omendu dute herritarrek

Maialen Regueiro 2012ko maiatzaren 28a

Jose de Azpiazu musikari oñatiarra zenari, omenaldia egin zioten atzo arratsaldean Oñatiko Santa Ana antzokian. Izan ere, zapatuan musikaria jaio zela ehun urte bete ziren eta data aprobetxatu zuten omenaldia egiteko.

Santa Ana antzokia ez zen bete, baina bertaratu zirenak ordu eta erdiko emanaldiaz gozatu zuten. Xabier Ugarte gitarra-jotzaile oñatiarrak aurkeztu zuen emanaldia eta bertan, Azpiazuk konposatutako piezak entzun ziren.

Aida Briceno sopranoa eta Lucia Gomez mezzosopranoak Eduardo Baranzano guitarra-jotzaile uruguaiarra izan zuten lagun. Azken honek, Jose de Azpiazuren gitarra jo zuen Azpiazuren alaba Lupek utzitakoa.

Jose de Azpiazu

1912ko maiatzaren 26an jaio zen. 6 urte zituela, parrokiako abesbatzan hasi zen eta hor jaio zitzaion musikarekiko zaletasuna. Europan eta Amerikan ospea lortu zuen.

1950.urtean Suitzara joatea erabaki zuen. Bertan, Andres Segovia gitarra-jotzaile handiaren semea ezagutu zuen eta hark, Genevako Kontserbatorioan eskolak ematen hasteko gomendioa egin zion. Guztira, zortzi disko grabatu zituen eta Genevan hil zen 1986an.

Hala, Oñatiko musika eskolak bere izena hartu zuen, bere omenez. Donostian, ostera, Azpiazuren izena duen gitarra lehiaketa egiten dute urtero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak