Egubakoitzean ekin zioten festari eta, besteak beste, sagardo eta txorizo dastatzea eta garagardo festa izan zituzten. Aipatzekoa da Asier Iraeta oñatiarrak etxean eginiko garagardoa edateko aukera ere izan zela; 40 botila eraman zituen. Gauean, musika izan zen protagonista. Gas eta Sharon Stoner talde oñatiarrek izan zuten gaua berotzen hasteko ardura. Ondoren etorri ziren Sex Museum, The Capaces eta Arkada Social. Azken horiek Esos del barrio kantarekin eman zioten amaiera gauari, auzotarrak txosnan bata besteari heldua kantuan zirela. Jende asko egon zen kontzertuetan eta giroa bikaina: jarraitzaile sutsuenak dantzan eta baita taula gainera igota ere.
Atzo, 3x3 saskibaloi txapelketa, haurrendako puzgarriak eta goitibehera txapelketa izan zituzten, esaterako. Ume asko izan zen puzgarrietan. Arratsaldean, poteoa egin zuten trikitxarangarekin auzoan zehar. Gauean Los Zopilotez Txirriaos taldeak nortasun propioa jarri zion festari. Jendea dantzan, animatuta ibili zen talde nafarrarekin. Ostean trikiti doinuek alaitu zuten Errekaldeko plazatxoa, Miren, Agur eta Gorka taldeak jo zuen-eta.
Gaur goizean Oñatz dantza taldeko umeen erakustaldia izan da eta eguerdian auzo bazkaria (40 lagun batu dira). Arratsaldeko zazpietan antzerkia egongo da Ikusi Makusi taldearen eskutik. Etxafuego jaurtiketarekin emango diote festari amaiera.