Europan eta Amerikan ospea lortu zuen, bai gitarra-jotzaile moduan eta baita gitarraren pedagogian egindako lan apartagatik ere. Sei urterekin parrokiako abesbatzan hasi zen, eta hortik jaio zitzaion musikarekiko zaletasuna. Anjel Iriarte bandako zuzendaria zuen osaba. Iriartek gitarra zuen etxea; Oñatin zegoen gitarra bakarrenetakoa, ziurrenik. "Joxeri horixe gustatu zitzaion, eta liluratu egin zen. Iriartek irakatsi zizkion lehen akordeak", azaldu digu Xabier Ugarte musikari eta gitarra-jotzaile oñatiarrak.
Autodidakta
Musika eta solfeoa ikasi zituen, baina gitarra partitura bidez ikasi zuen. Donostian, Sanchez Granada gitarra-jotzailea ezagutu eta orduan piztu zitzaion Azpiazuri bere benetako bokazioa. Hala ere, haren lan arloa ikerkuntza izan zen –Europako hainbat liburutegi eta artxibo arakatu zituen partitura bila–. Pieza asko transkribatu zituen eta gitarraren arloari nolabaiteko berrikuntza eman zion. Konposizioa, baina, ez zuen alde batera utzi; besteen ereduak hartuz lan egiten zuen. Metodoan eta lan pedagogikoan murgildu zen. Hala, argitaletxe propioa sortu zuen eta milatik gora partitura jaso zituen bertan, gehienak transkripzioak. "Lan pedagogikoak asko arduratzen zuen, ez zen sorkuntza hutsean oinarritu; lan handiena sorkuntzan, eskaintzetan eta omenaldietan dago", dio Azpiazuren lana gertutik ezagutzen duen Xabier Ugartek.
Ametsen bila
Gerra ostean, musikatik bizi izatea utopia zen. Hala, 1950ean Suitzara, Genevara joatea erabaki zuen. Bertan, Andres Segovia gitarra-jotzaile handiaren semea ezagutu zuen, eta, haren gomendioz, Genevako Kontserbatorioan eskolak ematen hasi zen. Hala sortu zuen munduko bigarren gitarra katedra, Madrilgoaren ostean. Gitarra lantzeko metodo iraultzaileak argitaratu zituen eta mudu osoko ikasleak izan zituen –AEB, Japonia eta Norvegia–.Interprete moduan sona handia lortu zuen, Europan eta Amerikan barrena. Zortzi disko grabatu zituen, eta Genevan hil zen 1986ko abenduaren 27an.
Bada, Oñatiko Musika Eskolak Jose de Azpiazu izena hartu zuen herriko musikari handi haren omenez. Eta Donostian, berriz, Azpiazuren izena duen gitarra lehiaketa egiten da urtero.
Omenaldi hunkigarria
Domekan, Azpiazuk konposatutako piezak izango dira entzungai Eduardo Baranzano gitarra-jotzaile uruguaiarraren eskutik eta Aida Briceno sopranoaren eta Lucia Gomez mezzosopranoaren ahotsen laguntzarekin. Omenaldiak musikariaren bost etapa islatzen ditu: gaztaroa, ikerkuntza aroa, sorkuntza garaia, euskal musikan izandako unea eta egindako eskaintzak eta omenaldiak. Anekdotak, berriz, Xabier Ugarte gitarra-jotzaile eta musikariak kontatuko ditu.