Ganbara Kantu Eskolako taldeen abestirik berrienak ikasturte amaierako kontzertuan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 24a, 11:16

Urtero bezala, kontzertu berezia eskainiko dute ikasturtea bukatzeko: tailerretako haurrek, Ganbara Txikitxoak taldeak eta Ganbara Txiki Abesbatzak azken hiruhilekoan landutako abestiak aurkeztuko dituzte. Azken talde horrek, gainera, kurtso bukaerarako ikuskizun berezia prestatu du 'Grease' filmeko abesti ezberdinekin. Ekainaren 24an izango da, 19:00etan, Santa Ana antzokian. Eta kurtsoa amaitu arteko asteetan ere agenda betea izango dute.

Behin emanaldia bukatuta, kontzertuko parte-hartzaile, lagun eta senitarteko guztientzat lunch txiki bat izango da. 

Antigua Abesbatzak Lehiaketa

Udaberri partean, Zumarragan urtero ospatzen den abesbatza lehiaketan parte hartuko du Ganbara Gazte Abesbatzak, Oñatiko Ganbara Abesbatzako neskekin batera. Ekainaren 2an da hitzordua, Zumarragako Antiguako ermitan. Aurtengo edizioan ahots berdineko taldeak bakarrik lehiatuko dira eta talde oñatiarra beste lau abesbatza entzutetsurekin lehiatuko da: Irungo Ametsa Abesbatzako emakumeak, Asturiasko Leon de Oro abesbatzako gizonezkoak, Madrilgo Vokalars emakumeen abesbatza eta Igualadako Cor de Noias Exaudio.

2012-2013 kurtsorako izen-ematea zabalik

Datorren kurtsoan Ganbara Kantu Eskolako talderen batean parte hartu nahi izan ezkero, izen-ematea ekainaren 4tik 7ra bitartean egin ahal izango da, 17:30etik 19:30era, abesbatzak Errekalden duen lokalean edo, aurten berrikuntza moduan, Internet bidez, http://ganbaratxiki.blogspot.com/ helbidean; aski da bertan dagoen inskripzio-orria betetzearekin. 

3 urtetatik aurrerako haur eta gaztetxoek eman dezakete izena. Ordutegi eta taldeei buruzko informazio zehatzagoa idazkaritza.ganbaratxiki@gmail.com helbidera idatzita eska daiteke edo Errekaldeko lokalean bertan.

Xanbe abesbatzaren kontzertua

Ganbara Txiki taldeak martxoan Lazkaora bisita egin ondoren, bertako Xanbe abesbatza etorriko da Oñatira emanaldia eskaintzera. 9 eta 15 urte bitarteko 25 gaztetxok osatzen dute abesbatza eta Miren Gurutze Plazaola da taldeko zuzendaria. Plazaola Ganbara Txikitxoak taldeko piano-jotzailea da eta harreman horren emaitza izan da elkartrukea. Emanaldia ekainaren 15ean izango da Agustinoen elizan, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak