Herriko eskola guztietako 1.506 ikasle aritu dira aurtengo ikasturtean Eskola Agenda 21 programaren barruan mugikortasunaren eta garraioaren gaia lantzen. Horien ordezkaritza zabal bat udaletxean egon da goizean udaleko zinegotzi eta teknikariekin bildu eta atera dituzten ondorio eta proposamenak aurkezteko.
Ikasleen proposamenak
Ondorio eta proposamen horietara heltzeko baina, herri mailako diagnostikoa egin dute. Hainbat izan dira diagnostikoa egiteko modua, besteak beste, inkestak eta behaketak. Ateratako ondorioak elkartu eta proposamenak adosteko, maiatzaren 9an herriko eskola guztietako ordezkariak bilera egin zuten eta hainbat konpromiso hartu zituzten. Besteak beste, konpromiso horiek izan ziren ahal den neurrian eskolara oinez, bizikletaz edo patinetez joatea; bizikletak egoki mantendu eta leku egokian aparkatzea; eta oinez doazenean, bidegoria barik, espaloitik joatea.
Udaleko ordezkariei ere hainbat proposamen zuzendu dizkiete, espazio publikoaren egoerari, garraio publikoari, bidegorri eta bizikletei edo zaratei lotutakoak esaterako.
Udalak martxan jarritako ekimenak
Leire Egaña zinegotzi eta ingurumen batzordeko buruak erantzun die ikasleen eskari eta proposamenei. Egañak adierazi du horrelako ekimenak baliagarriak direla gaztetxoak kontzientziatzeko, eta hauek egindako proposamenen garrantzia ere azpimarratu du. Leire Egañaren esanetan gainera, udala dagoeneko badabil gaur entzun diren hainbat proposamenen inguruan lanean. Hala, iragarri du san Miguel jaien ostean plazako aparkalekua kendu eta jolastokia jarriko dutela. Herri osorako autobus linea bat ezartzea aztertzen dabiltzala ere esan du.