Marisol Ramos: "Zorrotza naiz, erritmo onean korrika egin ezin dudala ikusterakoan utziko diot lehiatzeari"

Xabier Urtzelai 2012ko maiatzaren 24a

Apirilean Finlandian egin zuten beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan urrezko domina eskuratu ostean (50 urtekoen kategorian) Marisol Ramosek merezitako omenaldia jaso zuen domekan Azkoagain futbol zelaian, Aloñaren eta Oiartzunen arteko partiduan ohorezko sakea eginda. Aste barruan urduri ibili zela esan zigun, halakoetara ohituta ez dagoelako.

Detaile polita Aloña Mendikoek izan dutena.

Bai, baina omenaldia egingo zidatela esan zidatenean lotsatu egin nintzen, eta berehala urduri jarri. Horrenbeste jenderen aurrean... Egia esan, lasterketa bat amaitu eta podiumera igo behar badut hor ere gaizki pasatzen dut, hortan, pentsa...

Munduko Txapelketatik hiru domina ekarri zenituen, eta hilabete geroago oraindik sasoiko zaude, joan den astean Otala-Zelai krosean ikusi genuen moduan.

Bai, uste dut oraindik gorputzaldiari eusten diodala, edo hori pentsatu nahi dut, behintzat –asteburuan Donostiako erdi maratoia egiteko asmoa zuen. Egia esan, urtean zehar nahiko erregularra izaten naiz, eta modalitate ezberdinak ez ditut itsu-itsuan prestatzen, ez du zentsurik. Kros denboraldia amaitutakoan hasi nintzen bolumena lantzen, Munduko Txapelketara begira.

Krisi egoera honetan urrea erosteko gomendioa egiten dute kontu horietaz dakitenek. Horrenbeste domina irabazita, negozioa egiteko moduan zaude.

[Barre] Munduko Txapelketako arau-orrietan garbi jartzen zuen urre, zilar edo brontze koloreko dominak zirela, ondo zehazten zuen kolorea baino ez zela, badaezpada. Domina horiekin negozio txikia egingo dugu.

Eta, Munduko Txapeldun izanda ere, ez duzu laguntza gehiago?

Ez, Aloña Mendi taldetik laguntzen didatena, laguntza hori dut. Esaterako, klubekoek lagundu zidaten Finlandiako bidaia ordaintzen, baina federaziotik ez dugu ezer jasotzen. Gainera, barregarria da, izan ere, Espainiako federazioak emandako jantziekin korrika egitera derrigortzen zaituzte, hau da, prakak ahaztuz gero ez dago beste praka gorri batzuekin korrika egiteko aukerarik, nahiz eta amorru galanta eman. Nik ez dakit senior mailako atletak zelan ibiliko diren, baina beterano mailan gabiltzanok...

Orain arteko lorpenik handiena izan da Finlandiakoa?

Bai, zalantza barik. Lasterketa horretan bertan iaz bigarren egin nuen, baina orain irabazi egin dut.

Garaipena, baina, lasterketan hotz galanta pasata.

Bai, momentu batean beldurtu ere egin nintzen, besoetan eta gorputzeko beste atal batzuetan sentsibilitatea galduta neukalako, igarri ere ez nituen egiten. Baina, korrika erritmo onean egin nuen (1:24:02). Lasterketa egunean izotza egin zuen, baina ez zuen elurrik bota. Bizpahiru egun lehenago mara-mara ibili zen.

3.000 metroko lasterketan brontzea lortzeaz batera, taldekakoan atleta gazteagoei egurra eman zenieten.

Nik ez nuen lasterketa horretan parte hartzeko asmorik, baina federazioko ordezkariek esan zidaten ea laukotea osatzeko gertu egongo nintzatekeen. 40 urteko atleten kontra lehiatu ginen eta egia esan, nahiko erraz irabazi genuen.

Hainbat kiroletan denboraldiak amaitu berri dituzte, eta 33 urte inguruko batek baino gehiagok erretiroa hartu dute. Zuek, berriz, 50 urteko kategorian lehian.

Bai, baina gu ez gara profesionalak. Gustoz egiten dugu hau, baina niri ere iritsiko zait kirol hau beste modu batean hartzeko ordua. 

Beterano mailan lehian dabilen atleta izanda, kirol ibilbide luzea izan dezakezu, oraindik.

Bai, baina ni oso zorrotza naiz nire buruaz, eta ikusten dudan egunean nire marketan beherakada handia izan dudala, utzi egingo diot lehiatzeari. Normala den moduan, urteek aurrera egin ahala geroago eta okerrago ibiliko naiz, baina niri dominak irabazteak baino ilusio handiagoa egiten dit marka ona egiteak. Eta lortzen ez dudan egunean... Korrika egiten jarraituko dut, noski, baina ez lehian. 

Lesioak eta halakoak nekezagoak izango dira gainditzeko.

Gainera, atletismoa kirol gogorra da, beti izaten dugu nonbaiten min. Duela bi urte nahiko txarto ibili nintzen, eta aspaldian hobeto nabil, gauza txikiak izaten ditugun arren. Baina, badakit erdi maratoi bat egiten dudan bakoitzean gerriko mina izango dudala. Lehen, baina, lesio batekin erabat gelditzen nintzen, eta orain berriz... 

Korrika egitea eta mendian ibiltzea gustuko izanda... Aspaldian modan jarri dira mendiko lasterketak. Ez zara animatzen?

Probatu dut! Mendiko bi lasterketa egin ditut, biak opor sasoian, senarrarekin eta semearekin batera. Alpeetan egin genituen, diodan moduan oporretan ginela, eta parean tokatu zitzaizkigulako. Semeak hainbat lasterketa egin izan ditu, baina nik ez dut horrenbeste gozatzen, gogorrak egiten zaizkit. Akaso egunen baten probatuko dut Aloñako Igoera moduko bat, baina denboraldian beste proba bat prestatzen banabil ez nuke halako lasterketa batean arriskatu nahiko. 

Horrenbestez, opor sasoia ere korrika egiteko aprobetxatzen duzun horietakoa zara.

Bai, batez ere abuztu erdialdean lasterketaren bat baldin badut. Ondoren irailera arte geldi egoten naiz, baina bai, oporrak kirola egiteko aprobetxatzen ditugu. Abuztuan errazagoa da gurekin topo egitea Alpeetan edo Pirinioetan, eta ez horrenbeste mediterraneoko hondartzetan [Barre].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak