Herritarren ekarpenak jasotzeko da etziko bilera?
Iritziak, ekimenak, kritikak … jaso gura ditugu, bai, baina jendeak antolaketa prozesuan ere parte hartzea gura dugu. Ideiak botatzearekin batera, ideia horiek nola gauzatu daitezkeen ere lantzea. Adibidez, pentsatzen bada Herri Eguneko herri bazkaria San Martinen egitea paella jan batekin, hori nola egin, zenbatendako tokia dagoen kalkulatu, paella nork eta nola egin ... ere pentsatzea. Erabakitzen bada entzierroa egitea plazatik hasi eta Usakoraino, ba pentsatu beharko da zer nolako oztopoak dauden, posible den edo ez ... Irakurketa teknikoa egingo du Udalak, baina gura duguna da herritarrek parte hartzera antolaketan. Horrez gain, jaien inguruko ausnarketa zabaltzea ere gura dugu.
Jaien inguruko ausnarketa?
Bai. Jaiek zein zentzu duten, zein onura ekartzen diguten, krisi sasoi honetan nola ospatu jaiak ... Jaiak ondo pasatzeko dira, baina irakurketa sakonago bat ere eskatzen dute.
Bileran sortuko diren ideiak, aurrekontuan sartu beharko dute, ala?
Bai, baina ideia guztietatik ateratzen da zerbait, denak dira ongietorriak, baita erokeria diruditenak ere.
Nola gauzatuko dituzue jasotako ekarpenak, ausnarketak?
Gure asmoa da bilduko garenok lantaldetan banatzea gero. Lantalde batek, adibidez, Herri Eguna jorratuko luke, beste batek ikuskizunak, beste batek umeendako egitaraua, beste batek zezenak ... lantaldetan errezago lana egingo dugula uste dut.
Iazko jaietan egin zenuten partehartzearen lehen saiakera. Ze ondorio atera dituzue orduko esperientzia hartatik?
Bi bilera egin genituen eta herritarren ekarpenak jasotzeko izan ziren. Atzeko kalean eszenatokia jartzeko ideia ere atera zen eta egia esan, positiboa izan zen. Aurten ere badugu asmoa jaiak herriko beste plaza, auzo edo kaleetara zabaltzeko. Bestalde, dena dela, ausnarketa ere zabaldu gura dugu.
Zein joan daiteke jaiak antolatzeko bilera ireki horretara?
Herritar denendako daude zabalik. Kanpo gelditzen diren bakarrak dira kultura eskaintzak dituzten enpresak. Hala ere, bilerara joan ezin dutenendako posta elektroniko bat ere zabalduko dugu eta www.herrijorran.info atarian ere lotura bat jarriko dugu ekarpenak eta ausnarketak jasotzeko.
Dena dela, San Migelak antolatzen hasteko lehen bilera irekia eguaztenean da, etzi, 19:00etan zinema aretoan.
Laster dira Korpus jaiak. Horiek lotuta honezgero, ezta?
Bai. Aurreratzeko moduan nago Bodologoak antzezlana egongo dela, Afrikarekin lotura duen umeendako ikuskizun bat, atletismoko lasterketa eta prozesioa egongo direla. Datozen egunetan emango ditugu Korpusei buruzko xehetasun denak.