Oñatiko taldeak aurkezpen ekitaldia aprobetxatu zuten euren testigantzak emandako pertsonei eskerrak emateko: "Beldurrak gainditu eta geraturikoa kontatzera ausartu direnei gure eskerrik beroenak". Bestalde, Gogoratu Guran Taldeak orain arte egindako lana goraipatu eta eurei emandako laguntza eskertu zuten.
Talde irekia
Oñatiko taldeko kide Irati Goitiak esan zuen sei lagunek dihardutela lanean, baina eskuak zabalik dituztela beste edonor hartzeko: "Talde irekia gara. Guztion ekarpenak ezinbestekoak dira memoria berreskuratzeko. Bada, guk geuk, gure historia idazteko garaia". Gaineratu zuen: "Lapurtu diguten memoria osatzeko ezinbestekoa da guztion lana. Oñatiko taldea osatzen dugunok horretan dihardugu, odorengo belaunaldiek gertaturikoaren egia ezagutu dezaten".
Oñatiko taldeak orain arte jaso zuen informazioa guztia Euskal Memoria Fundazioan dago, dokumentazio gunean, eurek artxibatzeko. "Gure ondorengo belaunaldiendako ondarea izango da", esan zuten.
BI elementu nagusi
Euskal Memoria Fundazioa 2009an sortu zen memoria historikoa berreskuratzearen alde lan egiteko. Fundazioko kide Nuria Altzugaraik euren lanarekin berri eman zuen: "Memoriaren berreskuratze lanean bi elementu lantzea ezinbesteko dela uste dugu: alde batetik 1936tik gaur egun arte batu ahal ditugu dokumentu ofizialak; eta beste alde batetik, lekukotza zuzenak biltzea".
Orain arteko lanak
Euskal Memoria Fundazioan orain arte egindako lanak jendartean erakusteko konpromisoa hartu zuten bere sorreran. Urtetik urtera lan monografikoak aurkeztu dituzte. Lehen lana izan zen Euskal Herriaren azken 50 urteetako errepresioaren eta gatazkaren bilduma. Eskualdez eskualde egindako auzolan garrantzitsua dago. Bigarren lana, iazko abenduan ikusi zuen argia. Frankismoaren inguruko lana izan zen.
Egun esku artean dutena, abendurako argiratuko dutena, azken 50 urteetan Euskal Herrian torturak izan duen eraginaren gaineko lana.