Hala, ekaina bukaeran bidaltzeko asmoa dute aurtengo bigarren edukiontzia. Jose Antonio Urteaga Hermansoloña GKEko kideak esan digunez, "orain bigarren edukiontzi horretako materiala etiketatzen" ari dira eta "edukiontzia Argentinara bidaltzeko baimen guztiak lortzerako ekaina bukaera izango da". Urtean hiru edukiontzi bidaltzen dituzte normalean eta hirugarrena azaroa aldean bidaltzeko asmoa dute.
Materiala jasotzen
Argentinatik berri onak jaso ostean, berriz ere ireki dute Bidebarrietako 26. zenbakiaren aurrean (elkartearen lokalaren ondoan) duten edukiontzia eta GKEko kideek dei egin diete oñatiarrei orain arte moduan produktuak bertan lagatzen segi dezaten. Batez ere arropak eta oinetakoak jasotzen dituzte, baina ekaineko edukiontzian adibidez, bestelako produktuak ere bidaliko dituzte: liburuak, botikak, jolasak, ume txikiendako sehaska eta karroak...
Hermansoloña GKEk 10 urte bete zituen 2011ko urrian. Hasieratik Argentinara bidaltzeko materiala bildu dute. Dagoeneko 31 edukiontzi bidali dituzte eta beharra badagoela diote: "Argentina hazi egin da ekonomikoki eta indarra hartu du. Baina, era berean, pobrezia handia dauka; batez ere, Buenos Aires inguruan eta kanpoaldeko probintzietan: Jujuy, Chaco, Misiones, Salta... eta komunitate indigenetan".