Arantzazu hainbat komentu batzen dituen probintziaren burua da; Arantzazuren probintziak 22 komentu hartzen ditu, Euskal Herrian, Gaztelan, Kantabrian, Madrilen, Kuban, Paraguayn… leku askotan. Etxe horietako batzuetan nahi adina fraide ez, eta haiek ixtea erabaki zuten Pazko astean probintziako ordezkariek egin zuten kapituluan.
Eliza Katolikoak bere urrezko aroa bizi zuen oraindik 50eko hamarkadan, eta Arantzazuko frantziskotar anaidiaren egoeran ondo islatzen zen hori. Orduan eraiki zen basilika berria, eta ordukoak dira Oñatiko gazteek egiten zituzten gurtza-igoerak, mutilek gauez, askok ortozik, eta neskek egunez. Jendetza igotzen zen oinez Arantzazuraino, Ama Birjina gurtzera, eta hango basilika txiki geratzen zen. Pello Zabala frantziskotarrak gogoratzen ditu garai haiek: "Jesarrita, 1.400 bat lagunendako lekua dago elizan; 2.000 lagun ondo kabituko dira. Sasoi hartan, jendea zutik-eta egoten zen, asko sartu ezinda ere". Egun seinalatuetan –Arantzazuko Amaren egunean eta beste jai handi batzuetan– ere jendetza igotzen zen, Oñatitik eta Gipuzkoa osotik. Basilika handia, gaur egun oso gutxitan betetzen dena ikusita, Pello Zabalari galdetzen diote ea eliza handi hori inoiz betetzen zen. "Beteko ez zen, bada? 7.000 lagun etortzen ziren batzuetan", gogoratzen du berak.
Bokazioak ere bor-bor zeuden urte haietan: Zabala bera, eta gaur egungo frantziskotar gehienak, 10 urte ingururekin etorri ziren Arantzazura fraide izateko nahiarekin. Seminario erraldoia –orain 10 urte eraitsi zutena, Gandiaga Topagunea egiteko– egin zuteneko urteak dira, etorkizuneko fraide haiek guztiak hezteko. Basilikako goialdean, koruan, batzen ziren fraideak eta mutikoak. "Ikusgarria izaten zen. Goiko jesarlekuetan fraideak egoten ziren; behean, kanturako mutikoak; eta kantore ez zirenak, goi-goian. Orduan, 50eko hamarkadako inguru hartan, ia 200 anaia baziren. Teologoak zeuden, 50 bat; fraideak, seminarioko irakasleak eta beste. Gero, mutikoak; gure garaian, 150 ginen; 300 ere izan ginen, eta korua bete egiten genuen", esaten du Pello Zabalak.
Erabaki gogorra
Ordutik, aldaketa eta gogoeta sakona bizi izan ditu elizak eta Arantzazuko komunitateak, jendartearen ohiturak ere aldatzen joan diren neurrian. Esperotako bokazio haiek guztiak ez ziren ailegatu, eta gaur egun, 26 fraidek eusten diote frantziskotarren 500 urtetik gorako historiari Arantzazun.
Orain, komentu batzuk ixten hastea ere tokatu zaie fraideei. Izan ere, Arantzazu hainbat komentu batzen dituen probintziaren burua da; Arantzazuren probintziak 22 komentu hartzen ditu, Euskal Herrian, Gaztelan, Kantabrian, Madrilen, Kuban, Paraguayn… leku askotan. Etxe horietako batzuetan nahi adina fraide ez, eta haiek ixtea erabaki zuten Pazko astean probintziako ordezkariek egin zuten kapituluan edo bileran. Jose Mari Arregi oñatiarra da Arantzazuko probintzialaren, goi-arduradunaren ondokoa, eta hark azaltzen digu erabaki "inportantea" dela: "Garai baten 600 fraide ginen probintzian, orain 240 gara eta lehen beste etxe ditugu; denetara ez gara ailegatzen. Sei urtean sei etxe itxiko ditugu eta izendatuta daude".
Erabaki "gogorra" da: "Fraide askok bizi osoa eman dute etxe baten, batzuek 80 urte badituzte, eta adin horrekin lekuz aldatzea, ohiturak aldatzea, lagun berriak egitea… oso zaila da. Prozesu hau egin nahi dugu inori min egin gabe, eta elkar babestuz", gaineratzen du.
Ohiturak aldatu beharra
Arantzazuko frantziskotarrek badute ospe bat: aurrerakoiak eta adore handikoak izatearen ospea. Hala izan ziren, esaterako, Arantzazu berriaren proiektu polemikoa, abangoardista, Elizako buruzagien iritziaren kontra defenditu eta aurrera eroan zutenean. Eta oraingoan ere, aurrera begira jarri dira eta etorkizuneko gakoak izan daitezkeenak aipatzen dituzte: garrantzitsuenen artean, jendarte laikoari leku handiagoa ematea eta gauzak egiteko modu berriak, garaiei egokitutakoak.
Frantziskotarren komunitateari "osasun ona" ikusten dio Jose Mari Arregik: "Egin beharrekoak egiteko iristen gara, 26 gara, eta batzuk gaixorik daude, baina beste asko oraindik indarrean gaude. Arantzazuri nik gerokoa ikusten diot, bai. Bestalde, galdera hor dago: hemendik 15 urtera nola egongo da? Oraindik urte batzuk ditugu hori pentsatzeko, ze errefortzu ekarri, nondik… eta batez ere, laikoei bere tokia eman behar diegu. Meza egoki bat egiteko, nahikoa da fraide bat edo bi, eta gainerakoak laikoak izan daitezke".
Iritzi berekoa da Pello Zabala: "Bilkura nagusia domekan egin behar da, familiak konpromiso guztiak aste bukaeran dauzkanean? Meza aste barruan egin beharko da, edo meza egiteko beste modu batzuk topatu", esaten du Pello Zabalak. Eta honakoa gaineratzen du: "Krisiak berak erakusten du zer edo zer berria topatu behar dela, garaiei dagokiena".
Familia giroan
Arantzazuko eraikinak oso handiak dira; handiegiak, gaur egun han bizi diren 26 anaiendako. Espazio handiak alde batera utzita, logelak dituzten bi solairuetan egiten dute eguneroko bizitza; pasillo edo transitu luzeak zeharkatzen dituzte solairu horiek, eta logelak, gaixoendako egongela goxoa eta kaperatxoa dituzte han bertan. Gaixoek egongelan ematen dute denbora luzea, eta mezetara laguntzen dituzte gero. Egongela hori logelen solairu berean dago, "gaixoengandik gertu egoteko", diote frantziskotarrek.
Eta harritu egiten du oraindik, bere tamaina handiagatik eta itxura dotoreagatik, garai bateko jangelak. 180 fraide zirenean, hantxe bazkaltzen zuten, isil-isilik, batek ozen irakurtzen zuen bitartean. Jaiegunetan bakarrik ematen zuen anaia nagusiak berba edo zarata egiteko baimena –jai egiten ere bazekiten fraideek; hala, jaiegun handietan, "ea bertso onena zeinek bota" ere ibiltzen zirela gogoratzen du Pello Zabalak. Gaur egun, ordea, beste jangela txikiago, goxoago baten batzen dira egunero frantziskotarrak.
Horrek guztiak bere alde onak ere baditu: bizimodu goxoagoa dute, familia girokoa.