David Ardions: "Ez nuen sekula ere pentsatuko Aitor Zabaletari irabaziko nionik"

Maialen Regueiro 2012ko maiatzaren 8a

Kazetariekin elkarrizketak egitea baino, nahiago ditu auto lasterketak David Ardionsek (Oñati, 1981). Udanako Igoeran parte hartzeaz gainera, lasterketa antolatzen ere ibiltzen da. Aurten hura izan da Udanako Igoerako irabazlea 2.46,4ko denbora eginda eta Aitor Zabaleta bergararra (2:49,2) atzean utzita. Lasterketa horretaz eta denboraldiaz hitz egin digu.

Nola hasi duzu denboraldia?

Denboraldia uste baino askoz hobeto hasi dut, Udanako Igoera irabazita. Gainera, proba hau irabazteak denboraldiko gainontzeko lasterketetarako motibatzeko balio du.  

Aurten beste proba batzuetan parte hartuta, zer-nolako esperientzia izan da?

Gabiriako eta Hondarribiko probetan hartu dut parte Udanakoa egin aurretik, baina lasterketa horiek rallysprintak izan dira eta Udanakoa ez da rallysprinta. Gabiriako proban, lehenengo bueltan istripua izan nuen, eta, horren eraginez, ezin izan nuen proba amaitu. Hondarribiko proban zorte handiagoa izan nuen eta irabazi egin nuen. 

Oñatiar gisa, nola sentitzen zara Udanako Igoera irabazi ostean?

Oso gustura. Entrenamenduan, autoa probatzera irten nintzen eta bihurgune baten autoa joan egin zitzaidan. Lehen saio ofizialeko bigarren bueltan, gustura nengoen, baina autoak irrist egin zuen, eta horregatik uste dut seigarren gelditu nintzela. Hirugarren bueltan, baina, dena ematera irten nintzen eta irabazi egin nuen. Bada, orain arte auto lasterketetan gertatu zaidan onena izan da. 

Zer sentitu zenuen Aitor Zabaleta atzean utzi zenuela jakin zenuenean?

Poztasuna. Ez nuen pentsatzen Aitor Zabaletari irabaziko nionik, baina oso pozik nago. Ni errepide bustian hobeto ibiltzen naizen arren, hura beti dabil fin lasterketetan. Dena den, bere autoak motor zaharra zeukan eta auto hori errepide bustian gidatzea ez da batere erraza. 

Zer dela-eta sentitzen zara hobeto errepide bustian lehorrean baino?

Egia esan, ez dakit zergatik den. Normalean, errepidea bustita dagoenean, gainontzeko pilotuak polikiago joaten dira arriskutsua delako, eta niri bustian joatea gustatu egiten zait. 

Nola entrenatzen zara?

Entrenatzera noizean behin zirkuitura joaten gara. Proba baino aste bete lehenago, kaleko autoa hartzen dugu eta probaren ibilbidea egiten dugu. Udanako Igoerarako, adibidez, ez naiz ezertxo ere entrenatu, ibilbidea ezaguna baita niretzat. 

Zer asmo duzu aurtengo denboraldirako?

Udanakoaz gain, beste proba batzuetan hartuko dut parte, eta lehen hiruren artean egitea espero dut. Horretarako, autoak ondo egon behar du. 

Udanako lasterketan parte hartzeaz gainera, antolakuntzan ere murgilduta zaude.

Aste batzuk lehenago lan handia izan dugu proba hau aurrera ateratzeko. Egia esan, proban guztia deskargatu nuen. Pozgarria da antolakuntzan murgilduta egoteaz gain podiumera ere igotzea.

Aurten neurri berriak jarri dituzte; ados zaude horiekin?

Bai. Gustura gelditu gara neurri horiekin, aurreko urtean gertatu zena ikusi eta gero. Garestia izan da, baina gure helburua segurtasuna bermatzea da. 

Krisia dela-eta, nola egiten diozu aurre autoa mantentzeak dakarren gastuari?

Nire Mitsubishi Evo VIIa duela bi urte erosi nuen, eta nire enpresako izena darama. Nork bere zaletasunak ditu eta niri autoak asko gustatzen zaizkit. Jende askok bizikletatan dirua inbertitzen duen neurrian, euren zaletasuna delako, nik dirua autoetan inbertitzen dut. 

Udanako Igoeran emakumeak ere parte-hartzaile.

Bai. Aurreko urtean ere egon ziren, eta aurten ere bi egon dira. Ni emakumeak horrelako probetan parte hartzearen aldekoa naiz. Izan ere, proba hauetan parte hartzeko eskubidea dute. Emakume askorentzat autoak ere zaletasun dira eta guk, antolatzaileok, hurrengo urteetarako emakume gehiago etortzea espero dugu. 

Aurreko urteko Udanako Igoeran 90 pilotu eta aurten, berriz, 66.

Bai. Aurten aurreko urtean baino pilotu gutxiago egon dira. Nire ustez, lau eguneko zubia egoteak asko eragin du parte-hartzaile kopuruan. Dena den, Udanako Igoera antolatzen dihardugunok urtero 65 piloturi egiten diegu gonbidapena eta kopuru hori jada egokia dela uste dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak