Udal euskaltegiarekiko kezka apirileko osokoan

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko maiatzaren 8a

UEMAn sartzea eta Elgetako Udalari elkartasuna adieraztea ere onartu zituen udalbatzak.

Oñatiko udal euskaltegiaren inguruko auziari arduratsu heltzeko eta baliabideak topatzeko eskatu die, besteak beste, Oñatiko udalak Jaurlaritzari eta Haberi. Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako mozioak jasotzen ditu eskaera horiek eta aho batez onartu zituen udalbatzak apirileko ohiko osoko bilkuran.

Bestalde, Oñati UEMAn sartzea ere onartu zuen udalbatzak apirileko osokoan. Bilduk alde bozkatu zuen eta EAJ, berriz, abstenitu egin zen. EAJko bozeramaile Lourdes Idoiagak azaldu zuen Oñatiko udalak euskara izan duela iparrorratz eta norabidea ez duela galdu. "Beti dago perfekzionatzeko aukera, baina nabarmentzekoa da aurreko legealdietako inplikazioa eta lidergo politikoa", gaineratu zuen Idoiagak. Nerea Zubia euskara zinegotziak erantzun zion UEMAk berak ekarri baino, Oñatik berari aportau dakiokena ere kontuan hartu behar dela. "Udala bera euskalduna dela asko esatea da. Bestalde, nahiz eta euskararen erabilera herrian handia izan, ez da erlaxatu behar". Bost ordezkari izango ditu Oñatik UEMAn. Horietako bi EAJkoak izatea proposatu dio udal gobernuak oposizioari, baina "koherentziagatik eta ez mesprexuagatik" uko egin dio eskaintzari EAJk.

Elgetako Udalari elkartasuna
Galde erreguetan, Elgetako Udalari elkartasuna adierazteko proposatu zuen EAJk, apirilaren 24an Espainiako ejertzitoak maniobra militarrak egin zituelako herrian. Udal gobernua bat etorri zen. Horren harira "erregeari barkamena eskatzea tokatzen zaiola" esan zuen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak