Abian dira Kasablanka eta Torreauzo lotuko dituen lurrazpiko pasabidea egiteko lanak

Txomin Madina Milikua 2012ko maiatzaren 3a

Badira zenbait hilabete Oñati eta Zubillaga lotuko dituen bidegorria egiteko lanak abian direla, eta dagoeneko ikus daitezke lan horien hasierako emaitzak. Horixe da, esaterako, apurka apurka itxura hartzen ari den Kasablanka eta Torreauzo artean errepide azpian doan tunelaren kasua.

Oñati eta Arrasate bidegorriarekin lotzea da Foru Aldundiaren lehentasunetako bat, eta hori lortze aldera abian dira dagoeneko Oñati eta Zubillaga auzoaren arteko bidegorri zatiaren lanak. Lanak urte hasieran jarri ziren martxan Zubillaga inguruan, auzunea zeharkatzen duen errepideko egokitzapenekin.

Azken asteotan baina, Oñatiko herrigune inguruan ere nabaritu daitezke bidegorriaren lanak eta horren adibide da Kasablanka eta Torreauzo lotuko dituen lurreko pasabidea ari dela itxura hartzen. Hondeatzeko makinak ari dira apurka apurka Cartonajes Arregitik Kasablankako umeendako parkeraino doan lurrazpiko pasabidearen zuloa egiten. Pasabide honi esker, errepidea lur azpitik gurutzatu ahalko dute txirrindulari zein oinezkoek. Hala, ez dute San Pedroko bidegurutzetik pasa beharko eta errepidea gurutzatzea seguruagoa izango da denendako.

Hiru zati

Oñati eta Zubillaga lotuko dituen bidegorriak 3,9 kilometro izango ditu eta berau egiteko ia bi milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiru zatitan banatu dituzte bidegorri tramu honen lanak: lehenengoa, Zubillagatik Madalenako ermitaraino joango da eta Fagorreko biribilaren azpitik joango litzateke, tunel batetik. Bigarren zatia , Madalenatik Azpikua baserriraino doa eta, hirugarrenak, Azpikua eta Kurtzetxo ermita lotuko ditu. Moiua enpresa eta aurreikuspenen arabera hamar hilabeteko iraupena izango dute lanek. Hala, gauzak ondo badoaz, urrian amaituta beharko luke bidegorriak.

Ezaugarriei dagokienez, bidegorriak 3,5 metro zabal izango du eta bizikleten eta oinezkoen zatiak bereizita egongo dira: bi metro bizikletentzat eta 1,5 metro oinezkoentzat. Bide guztian argiak egongo dira, eta Diputaziotik aurreratu dutenez azpiegitura oso egokia izango da lantegi askotara modu iraunkorrean eta autoa hartu barik joan ahal izateko. Bidegorri zati honen proiektuak baina, aldaketak izan ditzake oraindik.

Bizikleta Foroa, astelehenean

Aurreikusitakoaren arabera, Zubillagatik letorkeen bidegorria Fagor Industrial atzealdetik Madalenako ermitarantz bideratuko da. Bi puntuen artean dagoen maila alde handiak, aldapa gogorra egitea eskatuko du eta alternatiba moduan, bidegorria Madalena gasolindegi aurrealdetik egokitzea proposatu da. Gaia aztertzeko, udal ordezkariak Biziker-eko teknikariarekin elkartu dira eta bileraren ondorioak maiatzaren 7an egingo den Bizikleta forora eramango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak