Jose de Azpiazu Musika Eskolakoak Eskoriatza, Astigarraga eta Italiara

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 3a

Zapatuan, maiatzak 5, Debagoieneko VIII. Trikitixa Eguna ospatuko da Eskoriatzan eta Jose de Azpiazu Musika Eskolan trikitia eta panderoa ikasten dabiltzan 29 ikaslek parte hartuko dute; hilaren 12an Astigarragan egingo den Zeharkako Txirularen Topaketan ere izango da Oñatiko musika eskolako ordezkaririk; eta 16an, Emilia-Romagna herrirako (Italia) bidea hartuko dute.

Jose de Azpiazu Musika Eskolako 35 ikasle-irakasle joango dira Italiara, Europako Musikari Gazteen Jaialdian parte hartzera; zehazki, Akordeoi Taldeak eta Triki-Pandero Taldeak parte hartuko dute. Kontzertu bat eskainiko dute hilaren 18an Mesola-n (Castello Estense); eta  beste bat 19an, Bellaria Igea Maina-n (Piazza Matteotti). Egun horretan bertan bukatuko da jaialdia eta biharamunean Oñatin izango dira berriz ere musikari txantxikuak. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteari (EHME) esker esku hartuko dute bertan eta esperientzia "polita eta ezberdina" izango delakoan daude.

Zeharkako Txirularen Topaketa

Maiatzaren 12an, 19:00etan, Zeharkako Txirularen Topaketa egingo da Astigarragako frontoian eta Jose de Azpiazu Musika Eskolako sei ikaslek parte hartuko dute bertan: Ilia Uriarte, Aimar Yarza, Malen Osa, Eider Irizar, Nerea Alonso eta Jone Biainek Silbando al trabajar joko dute, eta azken bi horiek baita Gabriel's Oboe ere; kantu bietan, Izaskun Barreña irakasleak pianoa joko du.

Ekitaldia bukatzeko, musika eskolako zeharkako txirula jotzen duten ikasle guztiek batera joko dute. 200 baino gehiago izango dira, orotara, eta lau kantu joko dituzte: Entertainer, Guantanamera, Arabian Night (Aladin) eta Feed the birds (Mary Poppins).

Debagoieneko VIII. Trikitixa Eguna

Zapatu honetan bertan Eskoriatzan ospatuko den VIII. Trikitixa Egunean, bestalde, Jose de Azpiazu Musika Eskolako 29 ikasle izango dira. 11:00etan ongi-etorria izango da; gero, kalejira; eta 13:00etan, kontzertua eskainiko dute, Herriko Plazan. Ekitaldiari bukaera ona emateko bazkaria egongo da, 14:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak