Familian aberastasuna eta pobrezia zelan banatzen diren aztertuko dute LSNEn

Leire Kortabarria 2012ko maiatzaren 3a

Aberastasuna eta pobrezia harreman pertsonaletan, gertukoetan banatzen diren landuko dute mundu osoko hainbat ikertzailek Oñatiko Lege Soziologia Nazioarteko Erakundean. Gaur, eguena, eta bihar, egubakoitza, bilkura zientifikoa egingo dute han, Wealth and poverty in close personal relationships izenburuarekin. Koordinatzaileak Susan Millns (Sussex-ko Unibertsitatea), Ruth Woodfield (Sussex-ko Unibertsitatea) eta Simone Wong (Kent-eko Unibertsitatea) izango dira.

Familia-harremanetan aberastasuna eta pobrezia zelan banatzen diren ikertuko dute adituek, eta munduko finantza-krisiak zein hark eragindako murrizketa-politikek banaketa hori zelan baldintza dezaketen ere landuko dute.

Diziplina-arteko bilkura izango da. Izan ere, parte hartuko duten 22 adituen artean (Espainia, Portugal, Erresuma Batua, Kanada, Norvegia eta Irlandakoak) zuzenbide, soziologia, politika sozial, ekonomia eta politika-zientzietan adituak daude. Horri esker, antolatzaileen esanetan, "ikuspuntu desberdinetatik aztertuko dute diru-arazoak giza-harremanen arloan zelan egituratzen eta kudeatzen diren, eta nora arte ekonomia kontuek harreman horien izaera eta ekonomia-dinamikan eragiten duten".

Beste gauza batzuen artean, galdera hauei erantzuten saiatuko dira: Zelan bihurtzen dira bikotekideak ekonomikoki kalteberak? Badago giza-multzoren bat, emakumeak, kasu, kaltetua izateko arrisku handiagoa duena?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak