Berdintxiketan lasterketa mistoa antolatu dute bigarrenez

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko maiatzaren 2a

Berdintasuna sustatzea du helburu eta Oñatiko Enpresagintza fakultateak antolatu du. Maiatzaren 11n izango da eta izenematea zabalik dago.

Berdintasuna sustatze aldera, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Berdintxiketan Berdintasunaren aldeko II. Lasterketa Mistoa antolatuko du, Oñatin. Datorren ostiralean izango da, maiatzaren 11n, eta 16 urtez gorakoek parte hartu ahal izango dute, betiere, bikote mistoetan.

Gainera, lasterkariek banaka ere parte hartzeko aukera izango dute, baina lehen hirurentzako sariak bikote mistoei soilik emango zaizkie.

Emakumeak kirolari

Lasterketa maiatzaren 11n, egubakoitza, izango da, 19:30ean. Ibilbideak bost kilometro izango ditu, eta Enpresagintza Fakultatean hasi eta Foruen Enparantzan amaituko da. Lasterketaren helburua ez da bikotekide batekin korrika egitea, berdintasunaren aldeko herri-lasterketa batean parte hartzea baizik. Lasterketa horren bitartez, emakumeek kirola egitea sustatu nahi da, bai eta, lehiatik harago, kirola egiteko beste modu batzuk daudela erakutsi ere.

Fakultateko Kirol Zerbitzuak, Berdintasun Taldeak eta LEINN graduaren barruan sortutako SNATU enpresak ere parte hartu dute lasterketa antolatzen. Gainera, Oñatiko Udalaren laguntza jaso dute.

Izenematea zabalik dago

Parte hartu nahi dutenek http://sites.google.com/site/bikotemistoenlasterketa/ web- orrian eman dezakete izena, baina lasterketaren egunean bertan ere izena eman ahal izango da. Parte-hartzaile bakoitzak bost euro ordaindu beharko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak