Akordeoi eta gitarra doinuak elkartruke kontzertuan

Irati Goitia 2012ko apirilaren 29a

Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleek Gernikako musika eskolakoekin batera elkartruke kontzertua eskaini dute gaur, domeka, Oñatiko Santa Ana antzokian. Besteak beste, honako abestiak jo dituzte gaztetxoak: 'Piratas del Caribe', 'The lions sleeps tonight' eta 'Yesterday'.

Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleek Gernikako musika eskolakoen bisita izan dute gaur eta elkartruke kontzertua eskaini dute Oñatiko Santa Ana antzokian. Aurretiaz ere eginak ziren elkartrukerako saiakerak bi musika eskolak, orain dela hiru urte eta iaz, baina gaur arte ez da posible izan. Horregatik pozik azaldu dira bi musika eskolatako ordezkariak.


Gitarra eta akordeoi doinuak

Guztira 60 gaztetxo elkartu dira gaur; 10 eta 15 urte bitartekoak. Guztiek erakutsi dute euren abilezia. Batzuek gitarrarekin eta beste batzuek akordeoiarekin. Izan ere, emanaldian parte hartu dute bi eskoletako gitarra eta akordeoi taldeek.

Mailaka banatuta jo dute eta Oñatiko gitarrako bigarren mailako ikasleek eman diote hasiera emanaldiari, Arturo Martinezen zuzendaritzapean. Besteak beste: Vivaldiren Winter eta Klaus Badelten Piratas del Caribe abestiak jo dituzte. Ondoren, hirugarren mailakoek egin dute erakustaldia eta aipatzekoa da zein ederki interpretatu duten Henry Manciniren The pink panther.

Ondoren, gernikarren txanda etorri da. Gorka Etxeberriaren eta Eunate Berastegiren zuzendaritzapean gaztetxoek hainbat abesti jo dituzte, esaterako, Bob Powerren 006.

Gitarra doinu goxoen ostean etorri dira akordeoienak. Lehenik, oñatiarrak igo dira taula gainera eta gero, emanaldiari amaiera emateko, gernikarrak. Aipatzekoa da Jose de Azpiazu musika eskolakoek The lion sleeps tonight abestia irudiz lagunduta interpretatu dutela. Gainera, akordeoi-joleek pianianoaren, bateriaren eta perkusioaren laguntza ere izan dute. Gernikarrek, bestalde, oso fin jo dute Steve Reichen Requiem for a dream.

Oroigarria

Emanaldiaren amaieran, Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolakoek gernikarren bisita eskertu nahi izan dute eta oroigarri bat eman diote.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak