Euriak baldintzatutako lasterketa izanda gaurkoa. Eta halaxe adierazi digu amaieran Aitor Zabaleta pilotuak: "Errepidea oso labaina zegoen eta autoa joan egiten zitzaidan. Euria txarra da niretzat. Etxera joateko asmotan ere egon naiz, baina lehenengo txanda ofizialean denbora ona egin dut eta azkarrena izan naiz. Beraz, hobeto pentsatu eta jarraitzea erabaki dut. Bigarren txanda ofizialean, berriz, okerrago ibili naiz eta bigarren egin dut. Jakinean nengoen gaur ezingo nuela garaipenik lortu". Zabaletak orain arteko Udanako igoera guztiak irabazi ditu.
David Ardions oñatiarra, bestalde, pozik zen lasterketaren amaieran. Berak azaldu digu nola joan zaion proba: "Entrenamendu saioan autoa frogatzera atera naiz. Kurba batean joan egin zait, zibarena eginez, baina arazo gabe amaitu dut. Bigarrenean, lehen ofizialean, nahiko gustura nindoan, baina orduan ere irrist egin dit autoak; uste dut seigarren gelditu naizela. Hirugarren eta azken igoeran, dena ematera irten naiz eta lehenengo egin dut. Oso pozik nago". Aitortu digu sekula ez zuela usteko Zabaletari irabaziko zionik: "Auto-lasterketetan orain arte gertatu zaidan onena da hau. Ez nuen inoiz esango Zabaletari irabaziko nionik. Izan ere, ni bustian hobeto ibiltzen naizen arren, Zabaleta beti ibiltzen da fin-fin. Oztopoak ere bazituen: motor zaharra eta bere autoa bustian eramatea ez da erraza".
Ardions azkarrena
Ardionsek 2:46,4ko denbora egin du eta Mitsubishi Evo VIIarekin korritu du. Alde txikia atera dio Zabaletari; bergarrak Lola BMW autoarekin egin duen denborarik hoberena 2:49,2koa izan da (lehenengo txanda ofizialean egin du). Sailkapen orokorrean hirugarren sailkatu den Iñaki Alberdik, bestalde, 2:49,4ko denbora egin du (lehenengo txanda ofizialean) bere Porsche 911 GT3arekin.
Guztira, 66 pilotuk hartu dute parte eta horietatik 57k bukatu dute. Izan ere, zenbait istripu ere izan dira eta hainbat pilotuk ezin izan dute lasterketa amaitu. Entrenamendu saioan izanda arazo gehien.
Sailkapena klaseka
- Juniorren artean irabazlea: Aitor Rocha (lehenengoz banatu dute sari hau).
- 1go klaseko irabazlea: Ibon Elordui.
- 2. kalsekoa: Aitor Rocha.
- 3. klasekoa: Joseba Mitxelena.
- 4. klasekoa: Jon Etxeberria.
- 5. klasekoa: David Ardions.
- 6. klasekoa: Iñaki Alberdi.
- 7. klasekoa: Ruben Nogueiras.
- 8. klasekoa: Aitor Zabaleta.
- 9. klasekoa (auto historikoen artean irabazlea): Rafa Diaz.
- 10. klasekoa (formula librekoen artean): Txus Jaio.
Oñatiko hiru onenak
- Azkarrena: David Ardions.
- Bigarrena: Ruben Nogueiras.
- Hirugarrena: Asier Mugarza.
Sailkapen nagusia autoen artean
- Udanako igoerako txapeldun: David Ardions
- Bigarrena: Iñaki Alberdi
- Hirugarrena: Jon Etxeberria
Sailkapen nagusia monoplazetan
- Monoplazetan txapelduna: Aitor Zabaleta
- Bigarrena: Ruben Nogueiras
- Hirugarrena: Aitor Arakistain