Ruben Nogueiras pilotu oñatiarrak Euskal Mendiko Txapelketako bere denboraldi berria aurkeztu du

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko apirilaren 27a

Euskadiko Mendiko Txapelketako bere denboraldia aurkeztu du Ruben Nogueirasek eta eramango duen Silver Car S2 autoa ere erakutsi du. Hiru urte daramatza auto horrekin, baina berrikuntza batzuk jarri dizkiote aurten. Nogueirasek aurkezpenean azaldu zuen aurten ere Udanako igoeran Aitor Zabaleta pilotuari gauzak zail ipintzeko asmoatan joango dela, dena emateko prest.

Ruben Nogueiras pilotu oñatiarrak Euskadiko Mendiko Txapelketako bere denboraldi berria aurkeztu zuen atzo Oñatiko Soraluze ostatuan. Euskadiko Mendiko txapeldunordea izan zen 2010ean eta 2011n eta Muñoz Racing taldearekin ibiliko da aurten Silver Car-eko pilotu ofizial bezala. Nogueirasek azaldu zuen Galiziako txapelketako proba batzuetan ere parte hartuko duela eta baita maila nazionaleko beste pare bat probatan ere. Bere auto Silver Car S2 autoa ere erakutsi zuen aurkezpenean.

Autoaren ezaugarriak

Denboraldia bihar ospatuko den Udanako igoeran estreinatuko du Nogueirasek, eta horretarako, duela hiru urtetatik hona erabili duen auto bera erabiliko du, Silver Car S2a; motorra Suzuki K8 modeloduna da, 180 zaldi ditu, auto azkarra da eta 450 kilo pisatzen ditu. Hala ere, badu hobekuntza garrantzitsu bat. Hauxe da Juan Carlos Silvestre Silver Car-eko fabrikatzailea eta arduradunak esandakoa: "Aurten egin dugun hobekuntza nagusia da kanbioa bolantean jartzea. Horrek ahalbidetzen dio martxak azkarrago igotzea, eta martxak jaitsi behar dituenean, berriz, 4 martxa segundo bakarrean jaistea. Eta autoa gelditzeko orduan, segundo bakarrean martxa guztiei eusten die enbragea soltatu gabe. Ez dago enbragea soltatu beharrik, ezta azeleragailua zapaldu beharrik ere".

Nogueiras gogoz denboraldirako

Nogueirasek azaldu zuen gogoz dagoela denboraldi berrirako: "Espero dut karrera bakoitzean lehian ahalik eta maila altuenean egotea eta garrantzitsuena, karrera bakoitza disfrutatzea".

Zabaletarekin lehia

Aurkezpenean izan zen baita ere orain arteko Udanako igoera guztiak irabazi dituen Aitor Zabaleta pilotua eta bera ere guztia emateko gertu dago aurten ere: "Lehia polita izango da, urte guztietan lehia bera izaten da eta Nogueirasek-eta euripean asko korritzen dute eta sikuan ere bai, beraz, ezin naiz inoiz lokartu".

 Zabaleta guztia emateko prest dago, beraz, baina Nogueirasek ez dauka atzean gelditzeko asmorik: "Zaila da Aitorri irabaztea, ia ezinezkoa. Baina kondizio batzuk ematen badira… euria egiten badu eta errepidea sikatzen baldin badoa… uste dut gure autoak hobeto moldatzen direla horrelakoetan. Eta Aitorri sustotxo bat ematen ahaleginduko gara".

Bihar, zapatua, ikusiko dugu bada, nor den aurtengo Udanako igoerako irabazlea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak