Urtero bezala, aurten ere Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak bere eguna ospatuko du; datorren maiatzaren 25ean izango da. Ekintza ezberdinak izango dira egunean zehar, ikasle, irakasle zein gurasoei zuzenduak. Iturrigorrira hurbilduko diren DBHko eta Batxilergoko ikasle, irakasle eta langileek ekintza desberdinak burutu ahal izango dituzte: mendi irteera, bizikletaz txangoak, altxorraren bila, herri kirolak, pintxo lehiaketa… Iturrigorrin bertan bazkaldu ostean, 14:30-17:30 bitartean, Lehen Hezkuntzako eraikinean, giza futbolina, ohe elastikoak, puzgarriak eta bestelako ekintzetan parte hartu ahal izango dute bertaratutakoek. Ondoren, 18:30ean, dantzan egin, antzerkiaz gozatu eta bertsoak entzuteko aukera izango da.
Eta azkenik, jaiari bukaera emateko, Santa Marina plazan afari merienda antolatu dute. Antolatzaileek diotenez, musika, sagardo kupela eta sorpresak ez dira faltako.
Maiatzean beste hainbat ekitaldi
Elkar Hezi egunaz gain, maiatzerako beste hainbat ekitaldi ditu aurreikusita Oñatiko ikastetxeak. Datorren barikuan, maiatzak 4, musikoterapia saioa izango da. Maiatzaren 18an berriz, DBH 1eko ikasleentzako baratz ekologikoei buruzko tailerra eta 22an guraso eta oñatiar guztiei zuzenduriko lorezaintza tailerra. Ondorengo egunetarako, maiatzak 23 eta 24, AGIPAD-ek antolatutako drogomenpekotasunen prebentziorako tailerra proposatu dute. Eta hilabeteari bukaera emateko, arteak eskolan izan beharko lukeen tokiaz jarduteko mahaingurua antolatu du ikastetxeak, maiatzaren 29rako.