Udanako kurbek estreinatuko dute igoeren denboraldia, zapatuan

Xabier Urtzelai 2012ko apirilaren 26a

Iazko istripuen ostean zapore txar guztiak uxatzeko asmoz dator aurtengo Udanako auto igoera. Martxoan egin dituzten rally eta rallysprintak alde batera utzita, Oñatikoa izango da igoeren denboraldia estreinatuko duen hitzordua, eta jendea ikuskizun gogoz dago.

Zapaturako ez dute eguraldi iragarpen ona eman, baina pilotuendako baino okerragoa da hori ikusleendako: "Euria egiten duenean nik ez dut arazorik izaten, hobeto moldatzen naiz", diosku lasterketako antolatzaile den eta zapatuan proba bere auto barrutik jarraituko duen David Ardionsek: "Pena handiagoa hartuko dut ikusleengatik, euripean egotea ez delako erosoa, eta halakoetan jende gutxiago animatzen delako. Ea ateri eusten dion".

Urtero moduan Oñatiko hitzorduak denboraldian zehar beste lasterketa batzuetan parte hartzera animatzen ez diren herriko pilotuak batuko ditu. Herrian korritzea beti delako berezia. Hala, Oñatiko saria irabazteko lehian izango dira Ruben Nogueiras (Silver Car S2), Juan Zelaia (Silver Car S2), David Ardions (Mitsubishi Evo VII), Asier Mugarza (Clio Sport), Aitor Arnaiz (R5 GT Turbo), Asier Samaniego (BMW 325i), Monica Muñoz (Citroen ZX 16v) eta Iñigo Errasti (Clio Sport). Oñatikoekin batera, besteak beste, ibarreko pilotu hauek egongo dira irteera puntuan: Ander Corcuera (VW Golf GTI), Gorka Idigoras (Opel Astra GSI), Joseba Frutos (Citroen AX Sport) eta iazko txapeldun Aitor Zabaleta (Lola BMW).

Segurtasun neurriak zorroztuko dituzte
Iazko istripu larriaren ondoren Oñatiko Motor Taldeko lagunek goitik behera zorroztuko dituzte segurtasun neurriak. Neurri horiek batez ere kurbatan igarriko dira, kurba itxietan hormigoizko hormak jarriko dituztelako, eta atzean hesiak, jendea egon ez dadin: "Federazioak gertuagotik jarraitzen dute segurtasuna, baina neurri hauek guk hartu ditugu. Horrek guztiak proba garestitu egingo du, baina jendearen segurtasuna bermatzeko baldin bada, aurrera".
Hori bai, jendearen esku egongo da hesi horiek errespetatzea: "Esperientziadun komisarioak jarriko ditugu, eta zorrotz jokatuko dute". Hala, segurtasun neurriok errespetatzeko eskaria egin dute; besteak beste, zorrotz zainduko dute ibilbidean aparkatutako autorik ez egotea. Guzti honen helburua garbia, berriro halakorik ez gertatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak