Kolon minbiziari aurrea hartzeko beste kanpaina bat abian da Oñatin

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko apirilaren 25a

Anbulatorioak abiatu du, eta dagoeneko hasi dira etxera gutun pertsonalizatuak bidaltzen parte hartuko duten 2.327 oñatiarrei.

Aurkezpen gutun horrekin batera, kaka lagina hartzeko kita ere jasoko dute etxean. Lagina hartu eta hiru eguneko epean eraman behar da anbulatoriora eta han horretarako propio egokitu duten hozkailuan laga, aurrez hitzordurik egin barik. Horren ondoren, hamabost bat egunen buruan bidaliko du Osakidetzak probaren emaitza etxera, gutun bidez.

Oñatiko anbulatorioko zuzendari Santiago Ayechuk azaldu duenez, emaitza positiboak ez du esan nahi minbizia denik. Kasu horretan, familiako medikuak kolonoskopia egiteko aukera emango dio pazienteari, tratamendurik behar duen arazorik dagoen ala ez erabakitzeko.

Proba egitea garrantzitsua da

Kanpainaren helburua prebentzioa da eta horregatik proba egitearen garrantzia azpimarratu du Santiago Ayechuk. Kanpainaren lehen fasean, duela bi urte, 119 kaso detektatu ziren etxean egin daitekeen proba oso erraz horren bitartez eta zegokien moduan tratatu ahal izan ziren.

Kolon eta ondeste minbizia gizonen artean hilkortasun handiena eragiten duen minbizi mota da, prostatako minbiziaren ostean, eta baita emakumeengan ere, bularreko minbiziaren ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak