Kaimanleon talde oñatiarra izan zen oholtza gainera igotzen lehenengoak. Esperientzia handiko musikariek osatzen duten taldea da, besteak beste, Show Bussiness eta Potemkin bezalako taldeetan aritukoak, eta egubakoitzekoa taldearen lehenengo emanaldia izan zen. Kaimanleonek stoner-rock doinuetan oinarritutako emanaldia eskaini zuten, beraiek egindako abestiak eta bertsioak uztartu zituzten emanaldian.
Etxeko taldearen ostean, Radio Moscowren txanda izan zen. Talde estatubatuarrak apirilaren 6an hasi zuen Europako bira eta, guztira, 23 kontzertu eskainiko dituzte. Parker Griggs gitarra jole eta abeslariaren taldeak blues rockaren eta psikodeliaren arteko nahasketa egiten dute, 60. hamarkada bukaerako eta 70. hamarkada hasierako power trioen soinuan oinarritzen dira.
Radio Moscowren abestiak entzuterakoan Cream eta Blue Cheer taldeen soinuaren nahasketa da, eta Led Zeppelin edo Jimi Hendrixen eragina nabari zaie, baina baita Jon Spencer Blues Explosion bezalako talde modernoagoena ere. Egubakoitzeko emanaldia, taldearen lehen diskoko Introduction eta Frustating Sond abestiekin hasi zuten. Lehenengo bi abesti horiekin Parker Griggs eta konpainiak ikusleak aho-zabalik utzi zituen.
Gero, 2009an kaleratutako Brain Cycles diskoaren Broke Down abestia jo zuten. Kantu hori bukatzerakoan, gaueko lehenengo txalo zaparrada jaso zuten. Gero, aurreko urtean kaleratutako The Great Scape of Leslie Magnafuzz eta aurten plazaratutako 3 & 3 Quarters diskoetako abestiak jo zituzten. Abesti hauetan blues, rock eta psikodelia gogorreko erakustaldia egin zuten. Radio Moscowko kideak maila altuko musikariak direla argi erakutsi zuten, hala ere, oholtza gainean nahiko geldoak dira. Esan beharra dago taldekideak gazteak direla eta hemendik urte batzuetara, estilo honetako ikurretako bat izateko aukera handiak dituztela.
Gaueko momenturik bitxienetako bat, Densaflorativa abestian izan zen. Taldeko baxu joleak, Billy Ellsworthek, bere musika-tresna alde batera utzi, maraka pare bat hartu eta bateria jolearekin batera jo zuen abestia Parker Griggsek gitarra astintzen zuen bitartean.
Emanaldiaren bukaeran taldeak lehenengo bi lanen beste errepaso bat egin zuten. Taldearen ikur diren Hold On Me eta Whatever Happened abestiak jo zituzten. Abesti horrekin ikusleei agur esan zieten, baina publikoak ez zuen nahikoa izan eta beste abesti bat eskatu zuten. Taldeak erantzun eta 250 Miles abestia jo zuten. Katu horretan, blues doinu gozoenetik psikodelia gogorrenetara salto egin zuten.