Hori bai, lasterketa irabazteko faboritoa azken hiru urteotan Aloñan jaun eta jabe izan den Walter Becerra da; hark du errekorra 2009az geroztik (1:12:55). Baina kontrario gogorrak izango ditu ondoan, besteak beste Ionut Zinca, Aitor Osa edota Agusti Roc. Emakumezkotan, berriz, iaz Ana Condek errekor berria ezarri zuen (1:27:37), baina aurten ez da proban egongo. Haren ordez, Azara Garcia izango da faboritoetako bat.
Omenaldia, Jazinto Lizarralderi
Antolatzaileek domekako lasterketa aprobetxatuko dute Jazinto Lizarralde omentzeko. Oñatiarrak makina bat mendi zeharkaldi egin ditu; gazteagotan egun berean hainbatetan joaten zen Aizkorrira (5 aldiz jarraian joandakoa da, tontorrean esne botilak gordeta izaten zituen, indarrak hartzeko) eta ultratrail probak zer ziren ere ez genekigunean Lizarraldek distantzia luzeak egiten zituen mendian. Hala, 1981ean 140 kilometro egin zituen 37 ordutan (Gorbea, Anboto, Udalatx, Aizkorri, Ganbo eta Txindoki).
Parapentea, bigarren urtez
Iaz moduan, aurten ere korrikalariekin batera parapente proba egingo dute. Iaz zapore gazi-gozoz geratu ziren Amillenako antolatzaileak, haize zakarraren eraginez ezin izan zutelako salto egin, eta aurten ere eguraldi iragarpenak ez dira onak: "Domekarako haize egokia egongo dela aurreikusten dugu, iparretik joko du, nahiko suabe, baina euria egiten badu ezin izango dugu salto egin", adierazi digu Iñigo Diazek. Hala, haizeak 25 kilometro ordutik gorako indarra badu ezingo dute salto egin: "Iaz 70-80 kilometro orduko haize ufadak izan genituen, eta hori pasada bat da. Hala ere, arratsaldean bi lagunek salto egin zuten, baina akrobaziako parapente bereziekin".
Hala, domekarako euri iragarpena badago ere, uneren baten atertu egiten badu salto egiteko aprobetxatuko dute: "Ateri dagoenean salto egiten badugu ez dago arazorik, airean gaudenean euria hasten bada behera jaisteko denbora izaten dugulako. Izan ere, euriak ere denbora behar izaten du lurrera iristeko".
Parte-hartze kopurua iaztik hona jaitsi egin da, baina oso jende ona etorriko da: "Iaz 34 lagunek eman zuten izena, baina asko ez zeuden halako lasterketetan ibiltzera ohituta. Halakoetan dabiltzanek 8-10 kiloko ekipazioa izaten dute, baina asko parapente normala soinean hartuta igo eta jaitsi ziren, 18 kiloko motxilarekin. Eta, errepaso polita hartu zuten [Barre]".