Bertan behera utzi dute Lanbus zerbitzua

Txomin Madina Milikua 2012ko apirilaren 17a

2009ko martxoan jarri zen abian Oñatin Lanbus zerbitzua, langileak lantegira kotxez joan beharrean autobusez joatea helburu zuena. Hiru urte beranduago baina, Oñatiko Udaletik jakinarazi dutenez zerbitzua amaitzear dago; azaldu dute Udalak eta herriko zenbait enpresek izenpetutako hitzarmena martxoa akaberan bete zela eta ez dela berritu.

2009an Oñatiko Lanbus zerbitzua martxan jarri zenean batetik Udalak eta bestetik hainbat enpresek sinatutako hitzarmenaren arabera Udalak zerbitzuaren hirutik bat ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Hitzarmenak baina epe jakina zuen, hiru urte eta behin epe hori beteta egitasmoan parte hartzen zuten enpresen esku geratu beharko litzateke zerbitzuaren finantzaketa osoa.

Udaletik jakinarazi dutenez baina, hiru urteko esperientziak ez ditu esperotako emaitzak ekarri: PESA enpresak eskainitako zerbitzua garestia gertatu da eta zenbait enpresentzat jasanezina da orain hiru urte onartutako finantzaketa ereduari jarraipena ematea. Enpresen ordainketa kuota bi irizpideren arabera kalkulatzen da: duten langile kopuruaren eta erabiltzaile kopuruaren arabera. Udaletik diotenez baina, distantziak ez dira kontutan hartu eta horrek desoreka handiak ekarri ditu.

Udalaren arabera, egoera honen aurrean enpresek ezinezkoa ikusi dute Lanbus zerbitzuari jarraipena ematea, ez behintzat finantzaketa osoa bere gain hartuta. Horrela adierazi omen zioten Udalari, eta honek irailera arteko epea eskatu zuen gaia aztertzeko. 

Zerbitzu pribatu merkeagoa

Esan bezala Udalak irailera arteko epea eskatu du gaia sakon aztertzeko, eta bien bitartean zerbitzua merkeagoa egingo duen beste enpresa bat kontratatuta finantziazioaren hirutik bat ordaintzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Gauzak horrela abuztua amaierara arte, behin behineko izaeraz autobus enpresa pribatu batek beteko du herrigunetik Ulmako lantegi ezberdinen arteko garraio zerbitzua. Enpresa sarrera eta irteera ordutegietan ibiliko den autobus honek herrigunean Lanbusek zituen geltokiak mantenduko ditu eta Ulma Packaging, Forja eta Construccionera joango da. Orain arte Lanbusen egon den Fagor Industrialek egitasmotik kanpo geratzea erabaki du. Lantegi honetan adierazi dute ekimena begi onez ikusten duten arren, euren lantegian erabiltzaileen aldetik izandako erantzuna ikusita, ez direla sistema horretan sartuko.

Herritar guztiendako

Zerbitzua ziurtatzeko, Oñatiko Udalak hilero 3.000 euroko diru laguntza emango du eta Udaletik azaldu dutenez dagoeneko martxan dagoen autobus zerbitzu hau herritar guztiei zuzenduta egongo da. ULMAko langileez gain, gainontzeko herritarrek ere erabili ahal izango dute, beti ere, aurrez zehaztutako geltoki horietan geratuko dela kontutan hartuta.

Udalak, esan bezala, udalerri barruko autobus zerbitzuaz azterketa egiteko konpromisoa hartu du. Ez bakarrik orain arteko Lanbusen inguruan, baita Arantzazura domeka eta jaiegunetan izaten denaren inguruan ere. Bi zerbitzu horien truke, udalak, ia 120 mila euro ordaindu izan ditu azken 3 urteetan. Adierazi dutenez apur bat gehiago ordainduta, Bergarako udalak, herri barruko bi lineako autobus zerbitzua dauka eta antzerako ereduak aztertuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak