Alde batetik, Imanol Elizasuk zuzentzen duen Orereta Txiki Abesbatza etorriko da Oñatiko Ganbara Txikitxoak taldearekin batera kontzertua eskaintzera; talde txantxikuaren ikasturteko azken hiruhilekoko elkartruke-kontzertua izango da. Lehenengo kontzertua Oñatin eskainiko dute bi haur-abesbatzek elkarrekin, zapatuan, 19:00etan, Santa Ana antzokian. Sarrera doan da, baina kontzertua ikustera joateko beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea. Gonbidapenak Santa Anan bertan egongo dira eskuragarri emanaldia hasi baino ordubete lehenago.
Bueltako bisita maiatzaren 5ean izango da; orduan oñatiarrek hartuko dute autobusa Oreretan kontzertua eskaintzeko.
Txistor-jana
Apirilaren 21ean, ordea, beste hitzordu bat ere izango da. Kontzertuaz gain, txistor-jana egingo dute Ganbara Txikikoek, plazan; janariz, edariz eta doinu alaiez osatutako txistor-jana izango da.
Ganbara Txiki pozik Valentzian
Oporretan ere ez dira geldirik egon Ganbara Kantu Eskolan, izan ere, Ganbara Txiki taldea Valentzian izan da; 40 laguneko taldea izan da Valentzian, 4 egunetan zehar. Bertan, kontzertua eskaini ondoren, hiriburua eta Terra Mitica parkea bisitatu dituzte. Aitor Biain zuzendariaren hitzetan, oso ondo ibili dira Valentzian eta kontzertu polita eskaintzeko aukera izan dute. Taldeko partaideak nekatuta bueltatu dira, baina esperientzia errepikatzeko gogoz.