Hijos de Juan de Garay enpresak lau langile kaleratu ditu

Irati Goitia 2012ko api. 13a, 16:37

Langileen batzordetik adierazi dute "bidegabeko kaleratzeak" izan direla eta "arazoa konpontzeko borrokatuko" dutela. Batzordeko ordezkariek elkarretaratzak egin dituzte asteon eta datozenetan geldialdiak egingo dituzte langileek.

Mikel Olea langileen batzordeko presidenteak azaldu digu zein den egoera: "Esan ziguten enpresara lanera sartu ziren azken lauak kaleratuak izan behar zirela. Langile horiek dagoeneko bi urte eta erdi daramatzate enpresan eta legearen aurrean finkoak dira. Beraz, bidegabeko kaleratzeak dira. Horrelaxe onartu du enpresak ere, baina kalte-ordainak eman eta kalera".

Oleak gaineratu du beste hamaika langile egoera berdinean daudela eta horiek ere kaleratuak izango diren susmoa dutela eta enpresatik ere adierazi dietela izan daitezkeela kaleratze gehiago.

"Lan erreformaren ondorioa"

Batzordetik argi dute lan erreforma berriaren ondorio zuzena izan dela gertatutakoa. "Arazoa ez da lanik ez dagoela, lana badago, baina langile kopurua arindu nahi dute eta erreforma hau oso ondo etorri zaie" azaldu digu Oleak.

Arazoa konpondu ezean, greba

Enpresako langileen batzordeak ordu erdiko elkarretaratzeak egin ditu asteon enpresaren aurrealdean. Oleak aurreratu du hurrengo martitzenetik hilaren 27ra bitarte enpresako langile guztiek egingo dutela 30 minutuko geldialdia txanda guztietan. Arazoa konpondu ezean, greba egiteko asmoa ere badutela esan digu.

Goiena saiatu da enpresako arduradunekin harremanetan jartzen, euren ikuspuntua jasotzeko, baina ez da posible izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak