Nor baino nor ibili dira azken momentura arte Joaquim ‘Purito’ Rodriguez eta Samuel Sanchez. Azkenean baina, Sanchez bigarren postuarekin konformatu behar izan da. Hala ere, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia da itzulia irabazteko faborito nagusia. Hornerri 35 segundo ateratzen dio, Kiserlovskiri 17 eta Tony Martini 47.
Festa giroa Oñatin
Euriak ez du Euskal Herriko itzuliko bosgarren etapak Oñatira ekarri duen festa giroa zapuztu. Herritarrak kalera irten dira; txirrindularitza gertutik jarraitzen dutenak eta horren zale ez direnak. Txirrindulariei txalo eta garrasi artean hartu diete eta pozik murgildu dira festa girora.
Baina oñatiarrak bakarrik ez, bailarako pertsona ugari ere ikusi ahal izan ditugu Oñatin. Eta kanpotik etorritakoekin ere izan gara. Esaterako Bilbo, Donostia edota Italiatik etorri den jendearekin hitz egin dugu. Guztiak ilusioz ikusi dute gertu-gertutik itzuliko etaparen “zatitxo” bat, izan ere, askok esan digute “konturatu orduko” pasatzen direla txirrindulariak eta ez diela astirik eman euren faboritoak gertutik ondo ikusteko, hala ere, pozik bizi izan dute eguna. Gaztetxo asko, berriz, koaderno eta guzti irten dira lasterketa ikustera amaieran protagonisten sinadurak jasotzeko asmoz.
Erlojupekoa
Orain guztiak Euskal Herriko itzuliko azken etapan dute burua: erlojupekoan. 19 kilometrotako ibilbidea izango da eta eguraldiak asko baldintzatuko du proba.
Euskalmetek dio goizean zaparradak botako dituela baina arratsalde partean atertzera egongo duela: “Arratsaldean atertzera egingo du eta euri txikia baino ez du egingo, gero eta aterrune luzeagoekin”.
Ikusi egin behar, nolako eguraldia egiten duen Oñatin eta txirrindulariak nola moldatzen diren azken etapako erlojupekoarekin.
Saio berezia Goiena telebistan
Goiena telebista itzulia gurean ematen ari dena gertu-gertutik jasotzen ari da eta Euskal Herriko itzuliaren gaineko saio berezi bat eskainiko dizuegu hilaren 11n, eguaztenean, gaueko 23:00ean.