Ane Pico: "Nikaraguako eta Peruko bidaietatik ekarritako esperientziak benetan politak izan dira"

Miryam Galilea 2012ko apirilaren 12a

Aurten 24 urte bete ditu Ane Picok, eta, Haur Hezkuntza eta Psikopedagogia ikasi ondoren, Gizarte Integrazioan dihardu orain. Nikaraguan proiektuak, Perun... denbora aprobetxatzen du oñatiar honek, eta oso argi dauka zer nahi duen.

Hiru ikasketa desberdin; zeinekin gusturen?

Gizarte Integrazioa gustatzen zait, baina umeek erakartzen naute gehien. Aurreko urtean diplomatura amaituta lanean hasi nahi nuen, baina egoeragatik ez nuen topatzen, eta ikasten jarraitzea erabaki nuen. Interneten begiratzen hasi ninten, ikasturtea hasita zegoelako; akademia batean apuntatu eta bertan ariketak egiten ditut. Ekainean Gizarte Integrazioko proba libreak daude, eta aurkeztuko naiz.

Krisi egoera ikusita, damutu zara ikasitakoa aukeratu izanaz? 

Ez. Oso gustura nago eta badakit nire lekua nonbaiten egongo dela, eta, umeekin ez bada, integrazio sozialarekin ateak zabaltzen ditut. Lana bilatzeko gaizki dago, Haur Hezkuntzako zerrenda publikoak aspaldi ez dira zabaldu eta pribatuetan ere lanik ez dut topatu; egunean ordu bat edo bi, asko jota... Askotan, zortea dela uste dut, eta momentuan egotea!

Nikaraguako proiektua aurrera doa?

Irakasle ikasketen hirugarren urtean Nikaraguan egin nituen praktikak, eta hor sortu zen Eta guk zergatik ez? proiektua, bertako umeak eskolatzeko. Laugarren urtea da aurrera eramaten duguna, eta oso gustura nago. Hau egiten ari zarela pentsatzen duzu eta ondo sentitzen zara. Azkenaldian lau lagun egon gara honetan, eta bat Nikaraguara joan da. Han oso pozik dago, eta hurrengo astean deituko digula esan digu, oso notizia onak dituela.

Zer atera duzu egindako bidaietatik?

Bidaiatzea betidanik gustatu izan zait, baina bakarrik ez, beti jendearekin, eta, Nikaraguako kasuan, izena eman eta ez zenekien zeinekin, nora... baina zorte handia izan nuen, nahi nuen lekura joan nintzen, eta, gainera, gertuko jendearekin. Oso esperientzia polita izan zen. Bestalde, aurreko urtean, maiatz bukaeran amaitu nuen Psikopedagogia, eta, ekaina libre izanda, koadrilako beste batekin hitz egin eta GKE batekin bidaian joatea pentsatu genuen. Hegaldia hartu, eta Perura joan ginen maiatz bukaeratik uztailaren 10a arte. Guztiz diferentea da. Nikaraguan, ikastolan ordu gehiago botatzen genituen, eta proiektuan eta umeekin zentratu ginen... baina Perun arratsaldeetan egiten genuen GKErekin lana, komunitate batean errefortzu eskolarrak ematen. Hiru ordu botatzen genituen eta besteak libre geneuzkan. Kasu honetan, esperientzia pertsonala oso ona izan da: etxe batean espainiarrak, argentinarrak, peruarrak... geunden eta lagun onak egin genituen.

Beste inora joatea pentsatu duzu?

Noski, baina dirua da arazoa. Argentinako lagun min bat egin genuen Perun, eta hara joateko esan digu, baina momentu honetan ezin dut. Kasu honetan bai, bakarrik joango nintzateke! Horrelako bidaia bat ekonomiko lortzeko aukera bakarra Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eskatzea da, baina hauetan, tokatzen zaizun lekura eta pertsonekin joan behar duzu...

Momentu honetan lanean zaude?

Bai. Irakasle ikasketen hirugarren urtea ikasten ari nintzenean, Oñatiko Gainditun egon nintzen urtebetez lanean, baina gero Nikaraguara joan nintzen eta utzi egin nuen. Aurten, lagun batek psikopedagogia tituludun bat eskatzen zutela esan zidan, curriculuma bidali nuen eta deitu egin zidaten. Lehen, etxeko lanak eta horrelakoak egiten nituen, baina momentu honetan diagnostiko desberdina duten bi umerekin nabil lanean. Desberdina da eta ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera ematen dit, eta egunero gehiago jakiteko gogoa piztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak