Dena dela, izena gerorako uzteak ez du esan gura buruari bueltarik ematen ez diotenik, eta horren adibide da euren azken lana: Bazen garaia! film laburra. Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren barruan antolatu duten film lehiaketarako aurkeztu duten lana: "Pasa den azaroan, Oñatiko film laburren rallyan grabatu genuen lehenengo lana elkarrekin. Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin eta datorren urteko rallyra itxaron barik gure gauzatxoak egiten jarraitzea erabaki dugu", azaldu digu taldeko kide Idoia Etxeberriak.
Sare sozialen bultzada
Esan bezala, laugarren film laburra dute Bazen garaia!, eta baita sarean arrakasta handien lortu duena ere. Bi aste besterik ez da bideoa Youtubera igo zutela eta dagoeneko 2.000 bisita inguru izan dituzte: "Geu ere oso harrituta gaude izaten ari den arrakastarekin. Oñatin bolo-bolo dabilen kontua da eta badirudi oñatiarrei gustatu egin zaiela. Sare sozialen bitartez ere asko zabaldu da. Ez genuen horrelakorik espero. Oso pozik gaude".
Euskal Herrian, tamalez, asko eta askotan bizi izaten dugun egoera irudikatu nahi izan dute Gero Pentzauku taldeko kideek. Egoitz Aizpuru da film laburreko protagonista, eta herriko komertzioetan euskaraz erantzungo dioten saltzaileak topatzeko zailtasunak ditu. Saltzaile lanetan aktoreak topatuko ditugun arren, dendak benetakoak dira, Oñatikoak guztiak: "Dendariei baimena eskatu genien eta guztiek baiezkoa eman zuten. Grabazioak goizean goiz egin behar izan genituen, bezerorik ez zegoela aprobetxatzeko".
Ederki pasatzen dutela argi dago, eta irudimena eta sormena dutela ere bai. Segi dezatela, ba, izena pentsatzeke!