Eman daiteke izena Aloñako VIII. Igoerarako. Apirilaren 22ra arteko epea dago horretarako eta www.aloina.net orrialdean egin daiteke edo Oñatiko Turismo bulegora joanda. Izena emateko ezinbestekoa da 18 urtetik gora izatea. Ordaindu beharreko kuota 20 euro da eta gehienez 300 parte-hartzaile izango dira.
Dortsalak lasterketaren egunean bertan banatuko dituzte Oñatiko plazan 8:30etatik 10:00etara bitartean. Ordu-erdi beranduago hasiko da lasterketa -10:30ean- Foru Enparantzatik bertatik. Helmuga leku berean kokatuko da; 13:30etan itxiko da kontrola.
Lasterketaren ezaugarriak
Hamabost kilometro eta erdiko lasterketa gogorra da Aloñakoa. Euskal Autonomi Erkidegoko froga gogorrenetarikoa dela esan ohi da, zortzi kilometrotan 1000 metro igo behar direlako. Guztira 2200 metroko desnibela du lasterketak eta Aloñako punta da punturik gorenena -1238 metro-.
Korrika edo parapentean
Aloñakoa Para-Mendi froga ere bada, eta, hala, korrikalariez gain, parapente pilotuek ere hartuko dute parte.
Egingo duten ibilbidea, baina, ez da bera izango. Froga atxintxikan egingo dutenek Oñatiko plazatik ekingo diote lasterketari eta Urtiagaindik pasa ostean, Aloñako gainera igo beharko dute. Behin Aloñako gurutzeari bira eman ostean, jaitsierari ekingo diote berriz ere plazara iritsi arte. Gorako eta beherako bidea, ordea, ez da berdina izango.
Froga parapentean egingo dutenek, bestalde, Urtiagainen ekingo diote lasterketari eta gailurreraino dauden 3,5 kilometroak korrika igo beharko dituzte; 750 metroko desnibela gainditu beharko dute. Hegoaldeko haizea badago, gailurretik bertatik egingo dute salto. Iparraldekoa bada, berriz, Belarreraino jaitsi eta bertatik aireratuko dira. Lur-hartzea Berezao auzoan izango da. Handik korrika joan beharko dute Oñatiko plazan egongo den helmugara.
Mendi-Parapente lasterketan parte-hartu nahi dutenak Debagoieneko Amillena Aire Kirol Taldearekin jarri behar dira harremanetan honako helbidearen bitartez: amillenahegan@gmail.com.
Amillenatik adierazi digute lasterketa antolatzearen helburua dela parapentea promozionatzea eta ezagutzera ematea.