Oñatiko abeslari gazteek Aitor Biainen gidaritzapean, zazpi pieza eskaini zituzten ordubete luze iraun zuen emanaldian. Musika erlijiosoan, organoak protagonismo handia du, eta horretarako, Aitor Olea eta Eli Mendiarazen laguntza izan zuten. Bi organistek, emanaldiari musikatu zuten. Basilikako koroaren akustika onak eta abeslarien ahotsak bikote polita osatu zuten eta bertara gerturatu zirenek musika erlijiosoaz gozatzeko aukera polita izan zuten.
Emanaldiak bi zati izan zituen, lehenengoa lau abestik osatu zuten: Gabriel Fauré-ren Pavane, Elgar-ren Ave Verum, Francisco Ibañez Irribarria arabarraren Dona Nobis Pacem eta Leo Delibesen Messe Breve. Azken pieza honek lau zati ditu, guztira, ia hogei minutu iraun zuen eta, bertan, Ganbara Gazte abesbatzak, ohi bezala, maila altura erakutsi zuen.
Pieza luze honen ostean, abeslari gaztetxoek etenaldi txiki bat egin zuten, eta horren ostean, beste hiru pieza kantatu zituzten: Josu Elberdinen Ave Verum, behin baino gehiagotan abestu duten Xabier Sarasolaren Pater Noster eta Satoren Veni Sacnte Spiritus abestiarekin bukatu zen emanaldia.
XXI. mendeko musika bultzatu
'Musika erlijiosoa begiratzeko beste modu bat...' ekimenarekin Ganbara abesbatzak XXI. mendean egiten den musika erlijiosoa bultzatu nahi du, gaur egungo abestiak publikoaren artean ezagutarazteko. Ekimen honen lehenengo edizioan pop eta rock doinuak jorratu zituzten; bigarrenean, euskal folka oinarri duten abestiak kantatu zituzten; eta egubakoitzean, berriz, organoarekin jotzen den kantu erlijiosoak jorratu zituzten.