Presoen eskubideak aldarrikatuko ditu Oñatiko 'Herrira'k ere

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko apirilaren 2a

Euskal preso politikoen eta iheslarien etxeratzea eskatzeko eta dituzten eskubideak aldarrikatzeko egingo du lana Oñatin zapatuan aurkeztu zuten 'Herrira' ekimenak. Herriko lau presoen egoera gogoraraziz hasi zuten aurkezpen partehartzailea; herritar askok hartu zuten hitza eta bertso musikatuak ere izan ziren. 

 

Bilbon urtarrilean egin zen manifestazio jendetsuaren jarraipena da Herrira ekimena eta euskal preso eta iheslariak etxeratzea du helburu. Oñatin herriko lau presoen egoera zein den azalduz hasi zuten taldearen aurkezpena zapatuan: bataz beste, etxetik 600 kilometrotara laurak. Euren osasun egoeraren berri ere eman zuten,  eta espetxe politikaren hainbat puntu ez dituztela onartzen azpimarratu zuten hainbat herritarrek plazan bildu zirenen izenean, hala nola: miaketak, isolamendua, komunikazioak interbenitzea, bisitan doazen lagunen kopuruaren muga, ikasteko trabak jartzea edo margolan eta eskulanetarako materiala ukatzea, beste batzuen artean. Aurkezpen parte-hartzailea izan zen eta herritar askoren ahotsa ez ezik, bertso musikatuak ere entzun ziren. 

"Irekia eta zabala" 

"Herrira ekimena irekia eta zabala da eta jaso gura ditugu jendearen iritziak eta ekarpenak. Gaur taldearen aurkezpena egin dugu, baina lanean jarraituko dugu. Hamabostean behin elkartuko gara", adierazi zuen aurkezpenaren bukaeran Oñati Herrira taldeko Begoña Usandizagak. "Euskal Herriko gazteak zigortu egin izan dituzte, baina ikusten da gazteek ere gura dutela lan egitea presoak etxeratzeko, eta hori oso garrantzitsua da", gaineratu zuen.  

Euskal Herritik kanpo 

Egun 600 herritar baino gehiago daude Euskal Preso Politikoen Kolektiboan, horietatik gehienak Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta. Debagoieneko preso guztiak ere, esaterako, Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude. Bailarako hiru presok dute aplikatuta Parot doktrina: zigorra beteta duten Luis Mª Azkargorta bergararrak eta Joxe Felix Zabarte arrasatearrak batetik, eta zigorra bete gabe duen Unai Parot arrasatearrak bestetik. Horrez gain, 20 urtetik gora espetxeratuta dauden debagoiendarrak ere badira, tartean Joseba Arregi eta Alberto Plazaola oñatiarrak. 

Apirilaren 14rako deia 

Bestalde, Gernikako Akordioa izenpetu duten eragile politiko, sindikal eta sozialek, Parot Doktrinaren aurka apirilaren 14an Bilbon egingo den manifestaziorako dei egin dute. Doktrina horren aurrean Auzitegi Konstituzionalak hartu duen erabakia "bake eta konponbide nahien aurkako eraso zuzena" dela esan dute sinatzaileek, "eta eraso zuzen horri eman beharreko erantzuna bildu garen eragile politiko, sindikal eta sozialetik harago joan dadin" manifestaziora joateko dei egin diete herritarrei. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak