Taldearen helburua zein den honela azaldu dute: "Oñatiko lagun talde batek euskal preso politikoen sakabanaketaren ondorioz presoen senide eta lagunek pairatzen duten zeharkako kaltea ikusita, Mirentxin taldeak dispertsio politika honek pertsonengan dituen ondorioak gutxitu eta haiei sufrimendu hau ahal den heinean goxatu nahi dugu".
Horretarako honako konpromisoa hartu dute: hilero asteburu batez bi taldekidek gidari lanak egingo dituzte Lyon-era (Frantzia) bertan dauden zortzi presoak bisitatu nahi dituzten senide eta lagunak eramateko: "1.000 kilometro, 12 ordu inguru errepidean, bisita egin, eta buelta. Beste 1.000 kilometro, beste 12 ordu, eta errepideak dituen arriskuak berriz", diote.
"Ahal den eta erosoen" joatea
Bidaia "luzeak" izateaz gain, "garestiak" ere badirela jakinarazi nahi izan dute Mirentxin taldeko kideek: "Guztira egun eta erdi errepidean, 2.000 kilometrotik gora, eta kostu ekonomiko itzela: ordainsariak, gasolina, motela, kafeak... Astero astero errepikatzen den errutina garestia, senitarteko eta lagunak diren haiek bisitatzeko".
Senide eta lagunei errepidea ahalik eta eramangarrien egitea da Mirentxin gidarien helburua: "Mirentxin gidariok hartuko dugu furgonetarekin gidari lanak egitearen ardura, gure helburu bakarra senitarteko zein lagunak ahal den erosoen joatea izanik. Bidaia gogorrak dira, arriskuz eta urduritasunez beteriko bidaiak, baina baita ilusioz, elkartasunez eta maitasunez beteriko bidaiak ere".
Era berean, orain gutxi sortu den Mirentxin taldeak elkartasuna eta euren "babes osoa" adierazi gura die "mendeku-politika" gogorraren ondorioak pairatzen ari diren guztiei.
Iban Martinez eta Ibon Garate Mirentxin gidariak
"Aste bukaera baten 2.000 kilometro egiten dituzte ordubeteko bisita baterako"
Iban Martinez eta Ibon Ugarte oñatiarrak Mirentxin taldeko gidariak dira. Eurekin egon gara taldearen helburuez berbetan, besteak beste.
Zertarako sortu duzue Oñatin Mirentxin taldea?
Lyon-eko espetxera hegazkinean joateak, adibidez, 300 euro inguruko gastua suposatzen du. Horri gehitu behar zaio joan-etorrirako dauden konbinazio txarrak. Eragozpen handiak dira, dispertsio politikak zuzenean eragiten dituenak.
Bada, eragozpen eta kalte horiek guztiak, bisita egin ahal izateko gainditzea ezinbestekoak diren horiek, arintzeko sortu dugu, bolondres, Mirentxin taldea. Ezin dugu ahaztu aste bukaera baten 2.000 kilometro egiten dituztela ordubeteko bisita bat izateko.
Taldea eratu duzue, baina hasi al zarete bidaiekin?
Bai. Eta aipatzekoa da azken bi hilabeteetan egin dugun bidaietan jende oso edadetua edo oso jende gaztea eraman dugula. Hau da, 80 urtetik gorako emakume bat edo hiru eta hamar urte artean dituzten seme-alabak.
Hilero bi gidari zaudete bisita bat egiteko. Ba al duzue bisitak handitzeko asmorik?
Oraingoz aste bukaera bat egiten dugu hilero baina aurrera begira jende gehiago lortzen badugu, bisitak areagotzeko asmoekin gabiltza. Furgoneta bakoitzean bi gidari joaten gara eta zazpi senide. Egun 22 gidari gaude baina espero dugu kopurua handitzea.
Bidaia luzeak eta garestiak direla diozue. Mirentxin-ekin joanda ere gastuak handiak izango dira...
Hala da. Gasolinan 350 euro dira eta ordainsarietan ere diru asko joaten da. Bidaia presoaren eta senidearen artean ordaintzen dute. Baina beste gauza bat da: lagunartean joaten gara, geldialdiak egiten ditugu...