Ezinean, halaxe ibili zen Aloña atzo Azkoagainen zaleen aurrean. Urolako mutilek ere ez zuten aparteko ezer egin, baina Aloñakoen akatsak aprobetxatuta mendean hartu zituzten. Lehenengo zatian oso parekatuta ibili ziren bi taldeak, eta zelai erdiko jokoa izan zen nagusi. Zumarragakoak samurrago iristen ziren Idigorasen atera baina aukera garbirik eta arrisku handirik sortu barik.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren jarraipena izan zen, hau da, aukera garbi barik eta joko eskasarekin. Eta Aloña bizkortzen hasita zegoela zirudienean zumarragarren gola etorri zen. Mendozak alboko sakea atera eta baloia Zubiaren hanketara bidali zuen, baina argi zegoen Urolako Alejandrok kendu eta bizkor baino bizkorrago ateraino iritsi zen.
Han, zelairatu berri zen Nuñez zegoen errematatzeko eta ez zuen hutsik egin; jaurtiketa indartsu bati esker baloia barrura. Hala, aurretik jarri ziren kanpokoak 72. minutuan. Oñatiarrek, baina, ez zuten erreakzionatzen jakin eta handik hamar minutu pasatxora Urolakoen bigarren gola iritsi zen beste kontraeraso batean. Hala, erabakita geratu zen ezinean hasi eta ezinean bukatutako partidua.