Sortutako olatu mugimenduari jarraipena emango diote ilusioz Oñatiko gazteek

Maider Arregi 2012ko martxoaren 25a

Gazte sentitzen diren 80 oñatiar inguru batu ziren atzo egindago Gazte Topaketan kezka sorrarazten dieten gaiez hitz egiteko eta ondoren hausnarketari bidea egiteko.

Lehenik, taldeka batu eta gaiak mahai gainena jarri zituzten. Aipatutako gai nagusien artean hauexek: gazteen arteko harremanak eta harremanak izateko lekuak; Euskal Herria eta bizi duen egoera politikoa, tartean, ETAk borroka armatua utzi izana; genero berdintasuna eta sexualitatea; lana eta etxebizitza; eta euskara eta kultura.
Hausnarketarako garaia
Bazkal ostean, kafe tertulian, askotariko iritziak eta interpretazioak; sakonean bi ondorio nagusi. Batetik, Oñatiko gazteen harremanak sustatzea. Horretarako azpiegitura eta leku baten beharra zegoela ondorioztatu dute. "Tabernak eta lokalak ez diren toki baten beharra ikusten dugu; gazteen harremanak bultzatzeko eta posible egiteko toki baten beharra, alegia", kontatu digute Gazte Topaketen antolatzaileek. Bestetik, sortutako mugimendu horri eutsi egin behar zaiola azaldu dute; martxan jarri eta dinamika batean lanean segitu beharra ikusten dute. "Jarraipena eman behar zaio; gazteek harremanak eta ekintzak egiteko gogoa eta ilusio badute eta azpiegitura bat behar dugu hori gauzatzeko. Hori bultzatu behar dugu".


Agur OGAri eta gaztetxeari
Oñati, Gazte Asanbladarik gabe eta gaztetxe gabe geratu da. Baina zapatuan abiatutako gazteen mugimenduak aldiz, segida emango dio. Hala, herriko gazteen arazoak eta beharrak asetzeko zubi lana egingo du mugimenduak. Hain zuzen ere, gazteen harremanak sustatzeko toki baten beharra ikusten dutela azaldu digute. Aipatutako toki horietako bat gaztelekua izan daitekeela. Gainera, gaztelekuaren inguruko eztabaida parte-hartzailea irekita dago, dinamika abiatu dute dagoeneko herriko gazteek. Dena irekita dago, ezer zehaztu gabe. Hala, hausnartzeko sasoia da eta ideiak jaurtitzekoa eta gauzatzekoa. Gazte sentitzen den edonork berea egin dezake, ateak zabalik izango ditu-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak