Karmelo Perez: "Lehen agintaldia Alderdien Legeak markatu zuen, eta, gainera, berria nintzen politikan"

Mireia Bikuña 2012ko martxoaren 28a

Karmelo Perez de Almaraz (Soraluze, 1965) zortzi urtean izan zen zinegotzi, 2003tik 2011ra. Lehen agintaldian Ezker Batua alderdiko ordezkari bakarra izan zen eta bigarrenean, Oñati Ezkerretik koalizioko kide. "Gogorrak" izan zirela esan digu, "batez ere, lehen agintaldia". Bi agintaldietan egon da oposizioan, bietan ere, EAJren gehiengo absolutuarekin.

Ezker Batua alderdiak Oñatin izan duen lehen zinegotzia izan zinen.

Bai, hala da. 2003an sartu nintzen Udalera, eta esperientzia berria izan zen niretzat. Berria nintzen politikan, eta ezagutza barik heldu nintzen.

Zer-nolako oroitzapenak dituzu?

Zinegotzi izan nintzen zortzi urteetan oso bestelako egoera bizi izan nuen: lehen agintaldian. EBko zinegotzi bakarra izanik, oso bakarrik sentitu nintzen. Agintaldi gogorra izan zen, eta hainbat ezaugarri izan zituen: Alderdien Legeak markatutako agintaldia izan zen; berria nintzen, esperientzia bakoa; eta gainera, EAJk 14 zinegotzi zituen. 

Udalera heldu nintzenean, alderdiak esan zidan batzorde guztietara joateko, eta 11 ziren. Ezinezkoa zitzaidan, eta gehien interesatzen zitzaizkidan gaiak lantzen zituzten batzordeetara mugatu nintzen.

Lehen agintaldian ez zegoen jarduera politiko aktiborik. Osokoetan, EAJk adostutakoa egiten zen. PSE-EEko eta PPko zinegotziek oposizioa txikia egin zuten, zinegotzi kanpotarrak ziren, eta egoera zaila bizi zuten.

Egoera aldatu egin zen bigarren agintaldian?

Asko. Oñati Ezkerretik koalizioan elkartu ginen Zutik, Aralar, Ezker Batua eta independente batzuk. Zerrenda polita osatu genuen eta lau zinegotzi lortu genituen. Bati uko egin genion, baina gainerako hirurok ondo egin genuen lan. Hiruron artean banatu genituen batzordeak eta lana erosoago  bihurtu zen. Gure parte-hartzea zabaldu egin genuen, eta alderdien arteko eztabaida aberasgarriagoa izan zen, batez ere, Udal Gobernuko kideekin. Ez genuen elkar ulertzen, baina berba egiten genuen.

Oposizioan lan egin arren, zuen proposamenak aintzat hartzen ziren?

Orduan ez, baina orain, badirudi guk egindako proposamenak balekoak zirela. Adibidez, postetxe ondoan ipinitako helduendako parkea EBk proposatu zuen; eta baita osasun zentroko irisgarritasuna hobetzeko proposamena ere.

Lehen agintaldian mugikortasunari bultzada emateko Agenda 21 sortu genuen eta bidegorrien sarearen lehen hazia jarri genuen. Aipagarria da auzoek izandako garapena, eta Arrikrutzeko proiektua. 

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren jaia Oñatin egin zen, eta senidetze festa antolatu genuen Moraleja, Valtierra eta Macotera herriekin.

Gustukoak ez zenituzten ze proiektu aipatuko zenituzke?

Gutxiengoan lan egiten genuenez, gustuko ez genituen proiektu asko jan genituen. Adibidez, ETEO lekuz aldatzea. Ibarra kirolgune inportantea zen, baina, bateren baten burugogorkeriagatik, Enpresagintza Fakultatea ipini zuten han. Bestalde, San Martin eta Ugarkalde auzoetako proiektuen kontra geunden. Herria zabaltzea gura genuen, baina uniformeki.

2011ko hauteskundeetako emaitzak oso txarrak izan ziren?

Emaitzak espero nituen. Bildu indartsu zetorren, eta emaitza onak lortu zituen. Aurreko agintaldia bukatu aurretik ikusten genuen aldaketa zetorrela.

Iaz, maiatzean EBk eta Aralarrek lortutako boto kopurua, 2003an EBk bakarrik lortutakoa baino txikiagoa izan zen. Bilakaera baten emaitza izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak