Amaiera iragartzeko idatzi bat bidali dute Goienara eta prentsaurrekorako dei egin dute. Martxoaren 27an izango da San Martingo etxe okupatuan, 19:00etan. Azalpen guztiak emango dituzte han. Horrekin batera, iragarri dituzte apirilaren 5erako bazkaria eta kontzertuak Oñatiko plazan.
"Irriak eta negarrak"
Gazte Asanbladakoek diote 2004an sortu zenetik, Oñatiko Gazte Asanbladak "gorabehera dezente" ezagutu dituela: "60 pertsonako asanbladak izan dira, baita 10ekoak ere, eta baita 3-4koak ere. Izan dira geldialdiak, izan dira ekimen askoko garaiak; izan dira irriak eta izan dira negarrak...".
San Martin egokiena?
Bestalde, zalantzan jartzen dute San Martineko Gaztetxea egokiena denik, bere "kokapenarengatik eta tamainarengatik". Hala diote: "Orain denboraren talaiatik begiratuta konturatzen gara agian San Martineko etxeak kokapenari eta tamainari zegokionez ez zituela Gaztetxe baten baldintzak betetzen. Baina borroka haren une hartako kontestuan, okerraren barruan egin genezakeen zuzenena izan zelakoan gaude".
Indarra galdu
Horretaz gain, Gazte Asanbadak azkeneko urteotan indarra galdu duela ere aitortzen dute: "Parte hartzeari dagokionez, azken hiru urteotan ikusi dugu Asanblada (autogesioaren motorea izan beharko lukeena) nola joan den murrizten eta murrizten; azkenean lau katu geratu garen arte". Halere, Eskorbutokoek abesti famatuan zioten moduan, diote, "somos los mismos que cuando empezamos".
Ez dute gazte jendea ordezkatzen
Gazte Asanbladakoek aitortzen dute gaur egun ez dutela "Oñatiko gazte-jendea minimoki errepresentatzen". Eta gaur egungo San Martineko gaztetxeak ez dituela Gaztetxe batek bete beharko lituzkeen bi baldintza betetzen, ez dagoela erdigunean eta parte hartze gutxieneko bat ez duelako.
Bi erabaki
Horregatik, bi erabaki hartu dituzte:
Batetik, aurrerantzean euren deitura ez dela izango Oñatiko Gazte Asanblada, baizik eta San Martineko Etxe Okupatuko Asanblada.
Eta, bestetik, hura ez dela Gaztetxea izango, baizik eta San Martineko Etxe Okupatua.
Hemen, jarraian, San Martineko Etxe Okupatuaren Asanbladak Goienara bidali duten idatzia oso-osorik:
Oñatiko gazte asanbladaren bukaera
Oñatiko Gazte Asanbladan urteotako ibilbidearen gaineko hausnarketa bat burutu dugu eta ondorio batzuetara iritsi gara.
Ondorio horiek Oñatiko herriari eta batez ere Oñatiko gazteei jakinarazi nahi dizkiegu idatzi honen bidez.
Oñatiko Gazte Asanbladaren ibilbideari buruzko hausnarketa:
Oñatiko Gazte Asanblada sortu zen 2004. urtean sortu zen, Gaztelekuan. Bertan, ekimen batzuk eraman zituen aurrera, baina berandu baino lehen udaletxearen araudiekin eta murrizketekin egin zuen topo.
Izaera asanbleario eta autogestionatua izan zuen talde hark hasieratik eta udaletxearen interes eta ikuspuntuekin talka egin zuen ezinbestean. Udaletxetik jarri zitzaizkion oztopoen ondorio bezala Gaztelekutik irtetea eta bide propio aske bati ekitea erabaki genuen orduan.
Ondorengo urteetan gure ideia eta jardueretan tinko mantentzeak garai gatazkatsuak ekarri ditu herrira: Okupazioak, manifestazioak, prozesu judizialak eta abar bata bestearen atzetik.
Lau garaitan zatitu dugu gure ibilbidea:
1. Gaztelekuan Oñatiko Gazte Asanbladaren sorrera eta bertatik irtetzeko erabakia.
2. Kasablankako gaztetxea eta bere eraisketa eta ondorengo liskarrak.
3. Portu tabernan alokairuan eman genuen urtebetea.
4. San Martineko Gaztetxea. Bertan hiru urte daramatzagu. Aipatu beharra dago urte guzti hauetan denbora tarte luzeetan kalean, eraikinik gabe, biziraun duela asanbladak.
Urteotan gorabehera dezente ezagutu ditugu: 60 pertsonako asanbladak izan dira, baita 10ekoak ere, eta baita 3-4koak ere. Izan dira geldialdiak, izan dira ekimen askoko garaiak; izan dira irriak eta izan dira negarrak...
San Martineko Gaztetxearen okupazioa bere testuinguruan ulertu behar da:
1. Autogestioaren eta asanblearismoan atzera ez egiteko erabakia sendoa zen.
2. Errepresioa gainean genuen.
3. Tamaina ertain bateko eraikin erdiguneko bat lortzeko aukerak urriak ziren.
4. Gaztelekua guztiz deskartauta zegoen udaletxeak bere postura milimetro bat ere mugitzeko asmorik ez zeukan.
5. Asanbladaren indarrak mugatuak ziren.
Orain denboraren talaiatik begiratuta konturatzen gara agian San Martineko etxeak kokapenari eta tamainuari zegokionez ez zituela Gaztetxe baten baldintzak betetzen. Baina borroka haren une hartako kontestuan, okerraren barruan egin genezakeen zuzenena izan zelakoan gaude.
Bestalde, parte hartzeari dagokionez, azken hiru urteotan ikusi dugu Asanblada (autogesioaren motorea izan beharko lukeena) nola joan den murrizten eta murrizten; azkenean lau katu geratu garen arte, aunque somos los mismos que cuando empezamos.
Horregatik, ulertzen dugu Oñatiko Gazte Asanblada honek ez duela Oñatiko gazte-jendearen errepresentazio errealik.
Orain, ordea, Oñatin eman den gobernu aldaketa eta botere eskualdatzea dela medio, kontestu berri baten aurrean gaudela dirudi eta gazteen artean mugimendu berriak sortzen ari dira haize zurrunbilo berrien erakusgarri.
Azaldu dugun guzti hori kontuan izanda ondorio batzuk atera ditugu:
1. Gaur egun Oñatiko Gazte Asanblada (O.G.A.)-ren izendapenaren atzean mugitzen eta antolatzen garen gazteok ez dugula Oñatiko gazte-jendea minimoki errepresentatzen.
2. Oñatiko Gaztetxeak (San Martineko etxeak) ez dituela Gaztetxe batek bete beharko lituzkeen bi baldintza betetzen:
- Herri-erdiguneko kokapena.
- Gazte-jendearen joan etorri eta parte hartze minimo bat.
Ondorio horien harira, Oñatiko Gazte Asanbladak honako erabakiak hartzen ditu:
1. Oñatiko Gazte Asanblada (O.G.A.) izendapena geuregandik apartatzea, herriko gazteei entregatzea. Bukatu da Oñatiko Gazte Asanblada (O.G.A.) gure partetik.
2. San Martineko etxeari Oñatiko Gaztetxea izendapena kentzea behin betiko.
Beraz, hemendik aurrera azkenaldian O.G.A. izendapenarekin gure Gaztetxean ibili den asanblada San Martineko Etxe Okupatuko Asanblada izatera pasako da eta Oñatiko Gaztetxea San Martineko Etxe Okupatua bihurtuko da.
Oñatiko Gaztetxeak (ahal dela) herri erdigunean izan behar du kokapena eta Oñatiko Gazte Asanblada anitza eta partehartzailea izan behar da gazteen errepresentatzailea izateko.
Oñatiko Gazteen esku dago kinka. Zuek, zuek zarete etorkizuna.
Asanblearismoa eta autogestioarekin.