Pena, azken partiduetan denboraldiko aurpegi onena erakutsi duelako talde oñatiarrak. Kanpoan jokatutakoetan –nahiz eta galdu– taldeak ondo jokatzeko gaitasuna erakutsi du, eta joan den asteko etxeko garaipenak asko esan nahi zuen: taldea bizirik zegoela, liderra mendean hartzeko gauza zirela eta geratzen ziren hiru partiduetan ahalegin guztiak egingo zituztela. Bada, gutxi iraun du ilusio horrek, diogun moduan, hiru final horietako lehenengoan galdu egin dutelako.
Azken minutuetan erreakzioa
Gaurko kontrario EHU Araba ez zegoen opariak egiteko. Gasteiztarrak ere arrisku postuetan daude, eta eurendako ere hil ala biziko partidua zen. Hala, hasieratik hobeto kantxaratu dira gasteiztarrak: "Ez dugu talde moduan jokatu eta bakarka ahalegindu gara min egiten. Ez dugu aurreko partiduetako itxura ona eman, eta gauzak diren moduan, merezita galdu dugu. Azken minutuetan, bizirik jarraitzeko nahiagatik-edo harrotasunagatik erreakzio momentu bat izan dugu eta markagailuko aldea bost puntura txikitu dugu". Baina alde hori segituan handitu dute arabarrek (77-66).