Dorleta Martinez: "Elikadura begetarianoarekin edozein minbizi saihestu dezakegu"

Mireia Bikuña 2012ko mar. 13a, 01:00

Dorleta Martinez medikuak hainbat hitzaldi eman ditu azken astetan Arrasaten. Azkena Elikadura eta minbizia izenburuarekin. Martinez mediku hematologoa da, eta 20 urte egin ditu onko-hematologia sailean lanean, leuzemiak, linfomak eta bestelakoak tratatzen, umeekin eta helduekin. Elikadurak minbizia prebenitzeko eta sendatzeko duen garrantziaz egin dugu berba harekin.

zuzena dutela diozu. Zergatik?

Gaizki elikatuz gero, minbizia izateko arriskua dagoelako. Medikuntza ofizialarendako elikadurak ez dauka zerikusirik minbiziarekin. Medikuntzari ez zaio elikadura interesatzen.

Elikadura egokiak minbizia saihestu dezake?

Bai. Guretzat elikadura osasuntsua dena, ez da osasuntsua. Gure aiton-amonek zuten elikadurara itzuli beharko genuke: findu bako elikagaietara, desnaturalizatu bako olioetara eta animalien proteinak gutxitzera. Dieta mediterraneoaren aldeko apustua egin beharko genuke: frutak, barazkiak, lekaleak, eta zerealak. Azken horiek integralak badira, hobeto. Animalien proteina gutxi jaten da, eta oliba-olio birjina estra erabiltzen da. Horiek dira dieta mediterraneoaren ezaugarriak.

Eta esnea?

Egun kontsumitzen dugun esnea desnaturalizatutako produktua da, eta gaixotasun askoren oinarria. Esnea ona da mendian dagoen behi batetik ateratakoa bada. Zuzenean katilura eroaten badugu. Arazoa dator behi gehienek hormonak eta produktu transgenikoak dituztela.

Gainera, esnea atera ondoren, pasteurizatu egiten da. Esnea guregana heltzen denean hilda dagoen produktua da. Hori horrela, hildako produktu batek ezin digu bizitzarik eman. Ez da ona.Osasungarriagoak dira jogurtak. Baina, aukeran, etxean egindako jogurtak izan daitezela.

Behin minbizia diagnostikatu ondoren, elikadura aldatu egin beharko genuke?

Bai, diagnostikoa jaso ondoren, dieta begetarianoa erabili beharko genuke. AEB-etako Minbizia Prebenitzeko Erakundeak esan du elikadura begetarianoa dela osasuntsuena minbizia prebenitzeko eta aurre egiteko: zereal integralak, frutak, barazkiak eta lekaleak. Dieta begetarianoak edozein motako minbizia saihestu dezake.

Elikadura begetarianoa bai, baina tratamendua ere bai?

Bai, noski. Batzuek ez dute tratamendurik, kimioterapiarik hartzen, baina… Minbizia batzuk gainera oso agresiboak dira eta elikadura osasungarriak asko laguntzen du.

Ze beste faktorek eragiten dute minbizian?

Guztiok daukagun estres fisiko-psikikoak ere zeresana badu.  Trauma emozionalak ere inportanteak dira. Bikotekidea, seme-alaba edo gertuko norbait hiltzen zaion pertsonari, urtebetera, minbizia agertzen zaio. Galerarekin, trauma horrekin pertsona horren defentsak jaitsi egiten dira, eta horrek tumorea sorrarazten du. Traumari gehitu behar zaio elikadura txarra, toxikoak…

Onkologoek zer diote?

Ez daude ados. Espainia mailan ez dago terapeutikoa den nutriziorik. Gaixotasunen tratamenduen ardura duen nutriziorik ez dago. Hortik abiatuta, onkologoek ez dute horretan sinisten. 

Medikuntza ofizialak ez die sendatzeko biderik ematen gaixotasun batzuei; adibidez, esklerosi anitzari. Horri irtenbidea emateko beste aukera batzuen bila doaz: elikaduran oinarritutako medikuntza.

Medikuntzak ez du sartu nahi, eta neurri handi baten ulertzekoa da. Medikuntzak elikaduraren industrian eskua sartzen badu, galera handiak egongo lirateke.

Jendea kontzientziatua dago?

Geroz eta gehiago. Adibidez, nire hitzaldietara etorri ziren pertsonak bazekiten zeri buruz berba egiten nuen. Inor ez zen harritu esnea txarra dela esan nuenean edo animalien proteinak gutxitu egin behar genituela esan nuenean. Elikadurarekin, edo elikadurarekin eta minbiziarekin arduraduta dauden pertsonak ziren. Horrek erakusten du, badagoela ardura bat, baina ez bakarrik gai honekin. Aurretik egindako hitzaldietan ere gauza bera sumatu nuen. Landutako gaiarekin interesa edo ardura zuten  pertsonek parte hartu dute.

Nola eboluzionatu du minbiziak?

Mende hasieran minbizia kasu gutxi zeuden. Munduko Bigarren Gerratearen ondoren industria aldatu egin zen. Elikagaiak produzitzen eta produktu kimikoak sortzen hasi ziren: urtero 6.000 produktu inguru. Egun 100.000 produktu kimiko daude, leku guztietan: elikagaietan, airean, arropatan…

Horrek era egina dauka minbizian. Alde batetik, elikadura desnaturalizatuak, eta beste alde batetik, produktu kimikoak. 2004an Osasunerako Mundu Erakundeak esan zuen minbizia kasuek gora egin zutela, batez ere umeen eta gazteen artean. 1975etik 1999ra arte, minbizia kasuak %26, leuzemia kasuak %62, eta buruko minbiziak %50 igo dira umeen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak